Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak salatu egin dute bi kazetarien kontrako auzia; "komunikabideen eta informazioaren profesionalen lana judizializatu eta kriminalizatu besterik ez da egiten". Kazetariei "laguntasuna" ere eskaini die.
Auzibidea adierazpen askatasunaren kontrakoa da, Elkargoaren eta Elkartearen ustez; horregatik, ekintza judiziala gelditzeko eskatu dute. Eta gogora ekarri du badirela halakoak hobeto lantzeko organoak: "Kazetaritzaren esparruan badago FAPEren (Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioa) baitan Kazetaritzaren Arbitraje, Kexa eta Deontologia Batzorde bat non honelako gaiak hobeto ebatz daitezkeen".
BERRIA Taldearen elkartasuna
Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak ohar bat atera du BERRIAren izenean eta babes osoa eskaini die bi kazetariei eta GARA egunkariari: "Informatzea ez delako delitu; areago, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea ezinbestekoak ditugu, eta aurrekari ezin larriagoa litzateke balizko zigor bat, jurisprudentzia oso larria sortuko zukeelako".