Europako hauteskundeak / Euskal Herria

Sozialistak nagusi Ipar zein Hego Euskal Herrian

Atzoko bozketetan sozialistak izan dira emaitza onenak lortu dituztenak Euskal Herri osoan: Hain zuzen ere, Josep Borrell buru zuen PSOEren zerrenda izan da bozkatuena Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan (265. 572 boto lortu ditu). Haren atzetik, EAJ da bigarren probintzia horietan (250.615 boz), eta PP da hirugarren indarra 235. 394 botorekin. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan PS Frantziako Alderdi Sozialista da lehen indarra 21.429 boto eskuratuta, eta Alain Lamassouren UMP bigarrena 19.516rekin. Abertzaleek sustengatzen zituzten bi zerrendek boz guztien %14,8 eskuratu dituzte: AB, EA eta EAJren babesa zuen Berdeen hautagaitzak %8,7 eta HZrenak %6,1. Baliogabetuta egon arren, 113.000 bototik gora jaso ditu, guztira, HZk: 108.000tik gora Hego Euskal Herrian eta bost mila baino gehiago Ipar Euskal Herrian. Abstentzioa oso handia izan da; Hego Euskal Herrian %54,56koa.

2004ko ekainaren 14a
13:26
Entzun
Nolanahi ere, emaitzak probintziaka aletuz gero, alderdien arteko indar harremanak desberdinak dira lekutik lekura.

Araba, PSOE irabazle

Araban PSOE izan da irabazle (31.275 boto, %31,77), eta haren atzetik PP da bigarren indarra (%30,84). EAJk 23.398 boto eskuratu ditu (%23,77). Boto baliogabe teknikoaren estrapolazioa eginda HZ da laugarren indarra (7.642 boto, %7,76), eta haren atzetik kokatu dira EA (5.758, %5,85), EB-IU (3.766, %3,83) eta Aralar (894, %0,91).

Bizkaia, EAJ jaun eta jabe

Bizkaian EAJ erraz nagusitu da (159.187 boto, %39,79). PSOE izan da bigarren indarra (109.139 boto, %27,28), PP hirugarrena (80.781 boto, %20,19) eta HZ laugarrena (41.427 boto, %10,36). EAk %5,56 eskuratu du (22.241), EB-IUk %4,34 (17.369 boto) eta Aralarrek %0,78 (3.116 boto).

Gipuzkoa, HZ hirugarren indarra

Bizkaian bezala Gipuzkoan ere EAJ izan da indar nagusia (64.002 boto, %32,02), PSOE bigarrena (56.375 boto, %28,2), baina HZ hirugarrena (44.553 boto, %22,29) PPren aurretik (35.101 boto, %17,56). EA (26.547 boto, %13,28), EB-IU (8.034 boto, %4,02) eta Aralar (4.782boto, %2,39) kokatu dira ondoren.

Nafarroa, HZ abertzaleen artean nagusi

PPko hautagaitzak erraz nagusitu da Nafarroan (89.153 boto, %45,14), eta alde nabarmena atera dio PSOEri (68.783 botoa, %34,83). Haien atzetik HZ da hirugarren indarra (14.407 boto, %7,29), eta, halaber, Nafarroako indar abertzaleen artean lehena. EA dahurrengoa (9.623 boto, %4,87), Aralar harengandik hurbil (8.778 boto, %4,44) eta NEB-IUN (8.497 boto, %4,3) dator gero. EAJ, ostera, zazpigarren indarra da (4.028 boto, %2,04).

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: sozialisten aurrerakada, eta boto abertzalea lehia estuan

Franziako admnistrazioak ez ditu probintziakako datuak ematen, kantonamenduen araberakoak baizik, baina Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hirurak elkarrekin hartuta, PS Alderdi Sozialista nagusitu da, ohikotan Ipar Euskal Herrian irabazle izaten den eskuinari aurrea hartuz. Boto abertzalea bi zerrendetan banatu da: batetik, ABk, EAk eta EAJk Onesta buru zuen Berdeen zerrenda sustengatu du, eta, bestetik, HZ zerrendak parte hartu du. Zenbait kantonamendutan (besteak beste, Atarratzekoan, Maulekoan, Iholdikoan, Garazikoan, Baigorrikoan, Ezpeletakoan) HZk aurrea hartu dio Berdeen hautagaitzari, baina, oro har, Berdeek emaitza hobeak ukan dituzte (%8,7) HZk baino (%5,9).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.