PSNk «sozialisten eremutik haragoko gizarte bloke progresista» osatzeko «konpromisoa» hartu zuen atzo, gaurko Nafarroaren Egunari begira argitara emandako adierazpen instituzionalean. «Gehiengo sozial bat osatu nahi dugu, etorkizuneko Nafarroa eraikitzeko, gizarte aurrerapena lortzeko alternatiba bat artikulatuz, gehiegi dirauen kudeaketa kontserbadoreari aurre egiteko», dio adierazpenak. PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek irakurri zuen proposamena, sozialista nafarren zuzendaritzako kideez inguratuta.
«Ongi aski dakigu Nafarroan aldaketarako dagoen grina, eta aldaketa hori egingarri izan dadin beharrezko neurriak bultzatuko ditugu», gaineratu zuen Jimenezek. Sozialisten eremutik harago PSNk osatu nahi duen bloketik at utzi ditu UPN, PP eta NaBai.
Manifestazioa, Iruñean
Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen taldeek manifestaziora deitu dute gaurko, Iruñeko kaleetan, Nafarroaren Eguna «aldaketa sozial eta politikoaren aldeko aldarri bihurtzeko. Hain zuzen ere, Aldaketa sozial eta politikoaren alde, bat egin dezagun da aukeratutako leloa: «Abenduaren 3a gure herriarentzat aldaketa sozial eta politikoaren aldarrikapenean indarrak bateratzeko eguna izan behar duela aldarrikatu nahi dugu. Ikuspegi abertzale, aurrerakoi eta ezkertiarretik, bestelako Nafarroaren beharra irudikatzeko», azaldu dute deitzaileek. 17:00etan abiatuko da Golem zinemetatik. Eusko Alkartasunak bat egin du manifestazioarekin, bertaratzeko deia egin du, eta alderdiko ordezkaritza bat bidaliko duela esan du.
«Sozialisten eremutik harago» joateko asmoa plazaratu du PSNk
EAk bat egin du Nafarroan aldaketa soziala bultzatzeko gaur Iruñean egingo den manifestazioarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu