Urtebete egin du Gernikako Akordioak, eta hor bildutako puntuak bete direla esan ezin den arren, aurrerapausoak eman dira denbora honetan. Edukiak ez dira bete, baina gizartearen gehiengoak ez du zalantzarik egiten bake biderako edukiak errealitate bihurtzeko behar direla. Espainiako Gobernuak akordioari buruz ez du ezer esan; ETAk, berriz, Gernikako Akordioari eta Bruselako Adierazpenari erantzunez eman zuen urtarrilaren 10ean «su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria». Gainera, uztailaren 13ko agirian akordioa «oinarrizko bide orria» dela esan zuen. Sinatzaileek urtebete honetan asko aurreratu dute akordioaren edukien sozializazioan, eta otsailaz geroztik, edukiak betetzeko ari dira lanean.
Iazko irailaren 25ean egin zuten publiko hainbat eragilekBake bidean aterabide demokratikoen akordioa. Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna dira alderdi sinatzaileak, LAB, Hiru, ESK, ELB, EILAS, EHNE sindikatuak, eta horiez gain, hainbat eragile: Gernika Batzordea, TAT, Iratzarri, Herria 2000 Eliza, Ikasle Abertzaleak, Giza Eskubideen Behatokia, Alternatiba Gazteak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, GaztEHerria, Ezker Soberanista, Euskaria, Euskal Herriak Bere Eskola, Etxerat, Bilgune Feminista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Apaizen Koordinakundea. Gernikan bertan aurkeztu zuten agiria, eta «indarkeriarik izango ez den eta normalizazio politikoa garatzeko egoera sortzeko» erabakiak eta iniziatibak hartzeko eskatu zieten Espainiako Gobernuari eta ETAri. Izan ere, itunaren sinatzaileek bi aldeei egin izan dizkiete eskaerak. Esate baterako, iazko urrian Espainiako Poliziak gazte mugimenduaren kontrako polizia operazioa egin eta 14 gazte atxilotu zituenean, manifestaziorako deialdia egin zuten, «indarkeriarik eta polizia operaziorik gabeko egoera bat» eskatzeko.
Gatazka txikiak
Hainbeste sinatzaile izanik, bidea ez da, ordea, nahi bezain erraza izan. Adibidez, azaroaren 19an, akordioa Araban eta Nafarroan aurkeztu zutenean, Aralarrek uko egin zion ekitaldietan parte hartzeari. Ekitaldiak «politikoki kapitalizatu» nahi izatea egotzi zien alderdi horrek EAri eta ezker abertzaleari. Akordioa «bozetarako plataforma gisa» erabiltzea ere egotzi zien bi alderdi horiei Aintzane Ezenarrok, Aralarreko legebiltzarkideak.
Gatazkak gatazka, adostasuna sendoa dela argi utzi zuten otsailaren 26an. Izan ere, ekitaldi jendetsua egin zuten Donostian, Atano III.a pilotalekuan, eta beste 300dik gora sinatzaile aurkeztu zituzten. Haien artean zen Kontseilua ere, eta akordioan euskararen inguruko beste puntu bat ere gehitu zuten, hizkuntz normalizaziora iristeko, euskarak behar duen estatus juridikoa eskatuz.
Akordioa sozializatzeko fasea bukatutzat eman zuten ekitaldi horretan, eta hura betetzeko lanean hasiko zirela iragarri zuten: «Euskal gizartearen eskakizun argi eta ukaezinak direlako».
Hor sar daiteke hil honetan bertan sinatzaileek Madrilera egindako bidaia. Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendariarekin bildu nahi zuten, baina hark hartu ez zituenez, idatzi bat utzi zioten, presoen gaiaz akordioan jasota daudenak betetzeko eskatzeko. Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin (EPPK) biltzeko erraztasunak emateko ere eskatu zioten. Izan ere, EPPKrekin bildu nahian dabiltza sinatzaileak, baina Espetxe Erakundeek oztopoak jartzen dizkie. Trabak traba, harremanak izan dituzte bi aldeek, eta EPPK-k bat egin du akordioarekin.
Gernikako Akordioa. Urteurrena
Sozializaziotik betetzera
Irailetik otsailera akordioa gizarteratzeko lanean aritu ziren sinatzaileak, eta otsailetik aurrera, edukiak betetzeko eginahalean ari dira. Urtebete da Gernikako Akordioak bidea hasi zuenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu