Aurretik EITBk eta CISek egin moduan, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak ere EAJ jotzen du garaile hilaren 25ean egingo diren bozetan. Haren arabera, alderdi jeltzaleak egun dituenak baino legebiltzarkide bat gutxiago eskuratuko luke, 26, alegia. EH Bildu litzateke bigarren indarra, 17 legebiltzarkiderekin —egun baino lau gutxiago—, eta oso gertu, hirugarren tokian legoke Elkarrekin Podemos, 15 eserlekurekin.
Lehen hiru alderdietatik nahiko urrun geratuko lirateke sozialistak, bederatzi eserlekurekin —orain baino zazpi gutxiago—, eta zortzirekin Alderdi Popularra —bi gutxiago—. Ordezkaririk gabe geratuko litzateke, berriz, Ciudadanos.
Lurraldeka
Araban EAJ jotzen dute garaile, zazpi eserlekurekin, eta berdinduta geratuko lirateke EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos bosna ordezkarirekin. Botoei dagokienez, ordea, Pili Zabalaren alderdia litzateke bigarren indarra bozen %21ekin; ondoren legoke EH Bildu botoen %18,3rekin; eta Alderdi Popularra hirugarren %17,6rekin.
Bizkaian, ohiko moduan, EAJ litzateke nagusi 11 ordezkarirekin, eta Elkarrekin Podemos bigarren bostekin. EH Bildu hirugarren tokian geratuko litzateke, lau legebiltzarkiderekin. Hiru lortuko lituzke PSE-EEk eta bi PPk.
Aipagarriena, ordea, Gipuzkoako kasua da. Hemen berdinduta ageri baitira EAJ eta EH Bildu zortzina ordezkarirekin, eta hirugarren tokian legoke Elkarrekin Podemos bostekin. Boto asmoari dagokionez ere oso berdinduta jeltzealeak eta ezker abertzalea: botoen %30 eskuratuko lituzke lehenak eta %29,5 bigarrenak.
Oso antzeko emaitzak
Duela astebete inguru kaleratu zen EITBren inkestaren oso antzeko emaitzak iragarri ditu Soziometroak. Hark, oraingoak bezala, EAJri ematen zion garaipena baina eserleku bat gehiagorekin, eta EH Bildu jotzen zuen bigarren 17rekin; Elkarrekin Podemosi, berriz, Soziometroak baino bat gutxiago iragartzen zizkion, 14.
Bestalde, orain arteko galdeketek kolpe gogorra iragartzen diote PSE-EEri, izan ere, zazpi edo zortzi eserleku galduko lituzke.