Atzo gauean jakin zen Spanair aire konpainiak ez duela hegaldi gehiago eskainiko, eta horrek asteburu honetan 22.773 laguni egin die kalte; horrenbeste lagun ziren astebururako harekin bidaiako txartela hartuta zuten bezeroak. Spanairrek gaurko 91 hegaldi zituen aurreikusita —Loiun zazpi— eta biharko 129 —Loiun bederatzi—.
Ana Pastor Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak adierazi du enpresak bederatzi milioi euroko isuna jaso dezakeela.
Spanairrek Qatar Airwaysekin akordiorik ez zuen lortu, eta Kataluniako Generalitateak esan zion diru publiko gehiago ez ziola emango. 200 milioi euroko zorra du enpresak, eta negozioarekin jarraitu ezinda geratu da.
Lau mila lagunek egiten dute lan hegazkin konpainian. Euskal Herrian, Loiuko aireportutik eskaintzen zituen zerbitzuak. Hango bulegoa ere zabalik du bezeroei argibideak emateko.