Euskara. Iruñeko hizkuntza paisaia

Stop, baztertzen duten seinaleei

Iruñeko Udalak euskararen ordenantza aldatzeko mozioa onartu du, euskara eta gaztelania pareko izan daitezen hiriko hizkuntza paisaian. Euskalgintzak bultzatu eta txalotu du egindako urratsa.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Euskara eta gaztelania pareko izan daitezela Iruñeko karriketako plaketan, karteletan, seinaleetan eta hizkuntza paisaia osatzen duten gainerako elementuetan. Hau da, izan dadila bera bi hizkuntzetan idatzitako mezua, eta ager dadila tamaina berean, kolore eta kontraste berarekin. Horixe onartu zuen Iruñeko Udalak hilaren 16an egindako osoko bilkuran. Zinegotziek, horretarako, euskararen erabilera arautzen duen ordenantza aldatzearen alde egin zuten, arau horrek, aurrerantzean, euskara eta gaztelania parekotzat hartzen dituen testua jaso dezan.

Hiriko egungo hizkuntza paisaia aldatzeko urrats garrantzitsutzat jo dute erabakia euskalgintzako kideek. Haien lana dago, hain zuzen ere, urrats horren atzean. 2010ean hasi ziren elkarrekin hizkuntza paisaia aldatzeko lanean, eta bide beretik aurrera egiteko asmo sendoa dute.

2011ko urrian saiatu ziren, aurrenekoz, Iruñeko hizkuntza paisaian eragiten. Kontseiluak 2010ean egindako txostena abiapuntutzat hartuta, hiriko karteletan eta seinaleetan ageri zen errealitatea argazkitan jarri, eta errealitate hori aldatzeko 2.600 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten udaletxean. Euskara lehenetsi behar zela argi zuten euskalgintzako ordezkariek. Udaleko alderdien babesaren bila, ordea, proposamen hura bazter utzi, eta euskara eta gaztelania parekotzat jotzeko mozioa aurkeztu zuten. NaBai, Bildu, Ezkerra eta PSNren aldeko botoei esker, aurrera egin du.

Urritik orain arte, ordea, udalak ez du hizkuntza paisaia aldatzeko urratsik egin. Jarri diren seinale berriek ere ez dute islatu bi hizkuntzen arteko parekotasuna. Horregatik egin du urrats bat harago hilaren 16an onartu mozioak. Haren bidez, ordenantza aldatu beharko du udalak, eta idatziz jaso euskarak eta gaztelaniak pareko izan behar dutela. Ordenantza aldatu, eta bete; aldizkari ofizialean argitaratzen den unetik, behin betikotzat joko baita moldaketa.

Mozio hori onartu izanak ez du erran nahi orain arte euskara eta gaztelania modu berean erabiltzeko aukerarik ez zegoenik. Elebitasuna ezartzen zuen ordenantza horrek berak udalaren kanpoko irudia osatzen duten elementuetan. Kontua borondatea izan da. Edo, hobeki erranda, borondaterik eza, euskalgintzako kideen ustez. «Euskararen legearekin bezala gertatu zaigu ordenantzarekin, interpretazio erabat murriztailea egin dutela agintariek», nabarmendu du Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberriak. «Beharrezkoa da legeak eta arauak zehatzak izatea». Interpretazioak bazter utzi ahal izateko.

Ordenantza aldatu izanak, hasteko, helduleku bat eskainiko die herritarrei, haien hizkuntza eskubideak betetzen ez direla uste badute salatu ahal izateko. «Egindako urratsak helegiteen bidea zabaltzen du», azaldu du Joseba Otanok, Administrazioan Euskaraz taldeko kideak. Bide hori erabili beharko dela uste du Otanok. Ontzat jo du lortu dena, baina uste du hiriko agintariak saiatuko direla onartutakoa ez betetzen. Hau da, Iruñeko Udaleko agintariek ez dutela hizkuntza paisaia aldatzeko borondaterik agertuko: «Ordenantzaren aldaketa behin betikotzat jotzeko prozesua luzatzen saiatuko direla pentsatzen dut». Luzatu, egungo egoerak bere horretan jarrai dezan. «Egun, denetarik dago. Badira bi eleko seinaleak, gaztelania hutsean direnak, eta badira, baita ere, bi hizkuntzak jaso arren, gaztelaniazko mezua handiago edo nabarmenago jasotzen dutenak», erran du Otanok.

Udalarentzat, nahikoa

Orain artekoa nahikoa da, Iruñeko Udaleko arduradunen ustez. Hori agerian gelditu da hizkuntza paisaiari buruzko mozioa herriko etxean eztabaidatu den azken bi aldietan. Urrian, ordenantza betetzen zutela erran zuten UPNko zinegotziek. Ez hori bakarrik. Euskararekin lotutako ekinaldiak martxan jartzeko eta bultzatzeko 400.000 euroko aurrekontua bazutela nabarmendu zuten, eta, ondorioz, inork ezin zuela zalantzan jarri udalaren euskararen aldeko lana.

Hilaren 16an egindako osoko bilkuran ere diskurtso horri berari eutsi zion agintean den alderdiak, eta ordenantza aldatzeko inolako beharrik ez zela defendatu zuen. Aldaketaren kontrako boza eman zuen UPNk, bai eta PPNk ere. 14-13. Boto bakar batek erabaki zuen bozketa, ordenantza aldatzeko mozioaren alde.

Egoera ez da erraza, Kontseiluko Maite Indak nabarmendu duenez. «Osoko bilkurak onartu du euskara eta gaztelania parekotzat jotzea, baina ordenantza aldatzeko urratsak kudeatzea UPNri dagokio; hau da, erabakiaren kontra denak kudeatu behar du erabaki horren ondorioa».

Iruñeko Udalaren hizkuntza politika «kaskarra» dela erran du argi eta garbi Indak. Are gehiago, hiriko hizkuntza paisaiak euskaldunekiko mespretxua islatzen duela uste du Kontseiluko kideak. «Mezu hori ez du bakarrik euskaldunak jasotzen; euskaraz ez dakienak ere jasotzen du; hizkuntza gutxiesten dela ikusten du, eta ez du sentitzen euskara ikasteko beharra».

UPNko kideak ordenantzaren aldaketa oztopatzen saiatuko direla uste du Otanok bezala Indak ere. Gogorarazi du ordenantza zenbait aldiz moldatu izan dela. «UPNk egin izan du, baina euskararen kontra». Herritarrek eta euskalgintzak adi egon beharko dutela ohartarazi du Kontseiluko kideak. «Ez dugu ahaztu behar hizkuntzaren normalizazioak bi maila dituela, soziala eta politikoa; soziala da sua, eta politikoa su hori elikatzeko behar den egurra. Euskarak egun duen guztia lortu da herriak egindako lanari esker».

Lan horrek eman duen guztia ederki ezagutzen du IKAko arduradun Sagrario Alemanek. Baikor izan nahi du hark. Euskalgintzak hasierako asmoak apaldu behar izan baditu ere, kontent da onartu den mozioarekin. «Pauso txikia da, baina garrantzi handikoa», erran du: «Hizkuntza paisaian euskara gaztelaniaren parean jartzeak erakusten du euskara bizirik dela, euskara badela hemen, eta, nolabait, euskara erabiltzeko eta ikasteko gonbita ere islatzen du».

Normalizazioa da gakoa, Alemanen ustez. Jendeak normaltzat jotzea euskarak hizkuntza paisaian tokia izatea. IKAko arduradunaren iritziarekin bat egin du Unai Arellanok, Jaso Ikastolako kideak. Nafarroako Ikastolen Elkartea ordezkatu du euskalgintzak hizkuntza paisaia aldatzeko egindako bidean. «Hizkuntza paisaian euskara gaztelaniaren pare erabiltzea ez da bakarrik eskubide bat bermatzea; euskaraz bizitzeko aukera bermatzea ere bada». Eta hori da kontua, Arellanoren hitzetan.

Iruñeko herritarrek behin baino gehiagotan aldarrikatu dute euskaraz bizitzeko eskubidea eta nahia, karrikan egindako protestetan. Euskararen ordenantza aldatzeko azken mozioa onartu arteko bidean ere herritarrek zer erran izan dutela adierazi du Asier Biurrunek, AEK-ko kideak. «Herritarren laguntzarekin aztertu dugu hiriko hizkuntza paisaia, haiek bidalitako argazkien eta salaketen bidez. Haiei esker onartu da mozioa».

Herritarren konpromisoa

Aurrerantzean ere herritarrek zer erran izanen dutela zalantzarik ez du Biurrunek. «Adi egon beharko dugu denok, eta ordenantza betetzen ez bada, salatu». Gizartearen parte hartzea ez du horretara mugatu nahi euskalgintzak. Izan ere, administrazioan bultzatu duten aldaketaren eskutik, bertzelako urratsak egin nahi dituzte. «Argi dago administrazio publikoak eredu izan behar duela, baina norbanakoek ere eman behar dituzte pausoak», erran du Alemanek.

Pauso horiek lagundu eta bultzatu nahi ditu euskalgintzak. Eta, aldi berean, jarraipena eman mozioa onartu arteko bidean egindako lanari. Horretarako, herritarren laguntza ez ezik, haien konpromisoa ere eskatuko dute euskalgintzako taldeek. «Iruñeko Alde Zaharra hartuko dugu lagin gisa. Gure asmoa da bertako dendetan ere hizkuntza paisaia euskalduntzea», azaldu du Gorka Iriartek, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak.

Iriartek argi du kontzientzia ez dela aldatzen bakarrik kartel bat edo seinale bat euskaraz ikusteagatik, baina hori urrats garrantzitsua dela ez du zalantzarik. «Seinale edo kartel batean ere ikus daitekeelako hizkuntzaren alde egiten dugula. Euskaraz bizitzeko mezua era askotara garatzeko aukera dago».

Hizkuntza paisaia da euskaraz bizitzeko apustuan lehen urratsa. Baina ez da azkena izanen. Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Iriartek. Euskalgintzako taldeek elkarlana lantzen jarraitzeko asmoa dute. Asmoa dute, halaber, alderdiekin lanean jarraitzeko. Urrian onartutako mozioan aipatzen zen udala eta euskalgintza batera aritzeko aukera. Bidea zaila bada ere, euskalgintzak ez du gelditu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.