Herri gisa ditugun arazoei, herri gisa konponbidea
Mertxe Aizpurua Arzallus (Udalbiltzako lehendakaria)
Eguerdion guztioi.
Era berean, eskerrak Udalbiltzako batzarreko hautetsi denoi, erakunde nazional honetako lehendakari hautatu nauzuelako. Niretzat ohore handi bat da Udalbiltzako lehendakari izatea, sortu den lantalde berri honen partaide izatea ohore bat den bezala, jakin badakigulako aurrean dugun lanari aurre egiteko lantaldeko eginkizuna ezinbestekoa dela.
Euskal Herrian udalek eta hautetsiek lan handia egin izan dute nazio eraikuntzan. Ez gara gu aurrenak, ez horixe. Arduradunen artean, esaterako, hor da Fortunato Agirre, 1931n Lizarran udalen biltzarra eratu zuena. Edota hor da Jose Luis Elkoro, 1976n Bergarako alkate mugimenduaren arduradun nagusietakoa. 1999an Udalbiltza sortu zutenak ere gogoratu behar, jakina; tartean, Jon Jauregi eta Loren Arkotxa, garai desberdinetan instituzio honen lehendakari izandakoak.
Udalbiltza —Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra—, Euskal Herria munduko errealitatean kokatzen duen lehen erakunde nazionala da. Sorreratik hona metatutako lanetik ikasiz, bagoaz aurrerapausoak ematen 2012an hasitako berreraikitze prozesuan. Ez dugu ezer berririk asmatu; zazpi lurraldeetako Euskal Herrian, 685 euskal udalerrietan bizi diren 3 milioi biztanleentzako lan egiteko helburuz, instituzio nazional honen lanari jarraipena eman nahi diogu, eta indartu.
Munduan barreiatuta diren euskal herritarrak eta euskal jatorriko lagunak ere hartuko ditugu kontuan. Guztiok gara beharrezko, han eta hemen.
Badira udalak biltzen dituzten beste erakunde batzuk ere gure herrian, badira bestelako instituzioak ere, baina Udalbiltzak beste berezitasun batzuk dauzka. Inposatutako zatiketa politiko-instituzionalak Euskal Herri sendo eta kohesionatu baterako politikak garatzea oztopatzen du. Horri aurre egiteko tresna da Udalbiltza, sozialki eta ekonomikoki kohesionatutako herria eraikitzeko instituzioa.
Beti, Udalbiltza sortu zeneko bost printzipioak aintzat hartuta ariko gara lanean. Bost irizpideok gogoratuko ditugu erakunde hau berriro martxan jarri dugun batzar honetan:
- Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu.
- Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen lagundu, lurraldetasuna aintzat hartuz.
- Nazio eraikuntza bultzatu.
- Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen lagundu hainbat alorretan.
- Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adierazi.
Euskal Herriko udalerriak eta horiei bizirik eusten dieten emakume-gizonak dira Udalbiltzaren sustraiak. Herrietatik eraikitako herria aldarrikatzen dugu, eta haietan lan egiten duten eta Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsiak dira gure erreferente nagusiak.
Erakunde parte hartzailea, irekia eta gardena izateko konpromisoa hartua dugu:
- Parte hartzea sustatuko dugu. Euskal Herriko hiri, herri zein auzoen izaerak pluralak bezain aberatsak direlako, funtsezkoa da guztion ekarpen eta iritziak kontuan izatea.
- Etengabe hazten doan erakundea nahi dugulako izango da irekia, eta horregatik, ateak beti egongo dira zabalik Euskal Herriaren etorkizunean lan egin nahi duen ororentzat.
- Eta gardena izango da. Izan ere, Udalbiltzaren diru iturri eta baliabideak publikoak direnez, gardentasun osoz lan egiteko betebeharra dugu.
Udal eta udal hautetsien biltzarra da Udalbiltza, baina nazio eraikuntzan ez gara ari gu bakarrik. Eragile asko eta askotarikoak dabiltza zeregin berean, bakoitza bere esparruan, eta haiekin lankidetzan aritu nahi dugu.
Ez dugu nazio eraikuntza hainbat arlotan diharduten emakume-gizonen lanetik at ulertzen. Edozein esparrutan indartu beharreko neurri eta garatu beharreko politiketan, arloetako eragileekin elkarlanean aritzeko konpromisoa daukagu. Ziur gaude horrek egingo dituela aberats Udalbiltzaren proiektu eta plangintzak.
Apaltasunez ariko gara, besteekin lankidetzan. Goitik beherako jarduera politikoan baino gehiago, behetik gora eta elkarrekin egindako lan eraikitzaile eta dinamikoan sinisten dugu.
Hautetsi bakoitzak norberaren herriaren alde egunero lan egiten duen bezala, Euskal Herriaren alde ere lan egin dezagun era koordinatu batean geuk, eta geuk besteekin.
Batzarrean onartu berri ditugu Udalbiltzaren lehentasunak: lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatu, Euskal Herriaren nazio egituratzea lagundu, herrien arteko saretzea bultzatu, naziotasuna erein eta nazioarteko lana.
Ez dira nolanahiko lan ildoak. Bada mamia. Arloka proiektuak sortzen eta garatzen joango gara, pixkanaka. Beti, nazio eraikuntzan pauso eraginkorrak emateko asmoz. Nazioa egiten joateko tresna praktikoa izango da Udalbiltza.
Herri bezala hausnartu, eztabaidatu eta jardutea ezinbestekoa dugu, herri gisa ditugun arazoei, herri gisa konponbidea emateko.
Horrela, Euskal Herriko erakunde, eragile, hautetsi eta herritarrei nazio eraikuntzan inplika daitezen gonbitea egiten diet. Nik, Udalbiltzako lehendakari bezala, horretarako konpromisoa hartu dut gaur. Merezi du. Behar dugu.
Eskerrik asko berriro guztioi.
2013ko martxoaren 2a, Donostia