Eragileen erreakzioak. Sorturen ustez, albiste ona da ETAk bake prozesuari ekarpenak egitea erabaki izana

2013ko uztailaren 15a
15:51
Entzun

Sortu

Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak adierazi duenez, "albiste ona" da ETAk bake prozesuari "ekarpenak" egitea erabaki izana, eta prozesuaren bideragarritasunarekin "zerikusi duen agente orori" deia egin die, "konponbideen bila" parte har dezaten. Haren ustez, eragile horiek guztiek dute zer esan eta egin ugari, konponbidea lortzeko bidean, akordioa posible egiteko orduan. Epe laburrean ETAk jakitera emango duen hausnarketa "balio handikoa da, testuinguru politiko honetan".

Gobernuek bultzatutako bake eta normalizazio prozesuaren blokeoa "gainditu eta saihestu daiteke" hainbat ikuspegi politikotatik puntu komunak bilatuz, "lehentasun nagusia den bake eta normalizazio politikorako prozesua bideragarria izan dadin".

[Youtube]http://youtu.be/_d6JG4TARlw[/Youtube]

Lokarri

Lokarriren ustez, "eraginkortasunaren eztabaidaz harago", bake prozesua bultzatzeko modurik demokratikoena eta legitimoena protagonismoa herritarrei ematea da. Horrela erantzun dio Lokarrik, ETAk Frantzia eta Espainiako gobernuekin elkarrizketatzea aurrera egiteko modurik eraginkorrena denaren baieztapenari.

ETA gizarte zibilarekin negoziatzeko prest egotea hasiera puntu "ona" da Lokarrirentzat, eta bi helburu lituzke: batetik, gizartearen protagonismoa indartzea, eta bestetik, bake prozesua indartuko luketen aukera berriak sortzea.

Bere aldetik, Foro Soziala bultzatu duten eragileekin bilduko dela iragarri du Lokarrik, ETAk Foroaren gomendioak aztertzeko luzatutako nahiari nola aurre egin erabakitzeko. 

Alternatiba

Amaia Agirresarobe Alternatibako bozeramaileak positibotzat jo du ETAk Gara egunkarira bidalitako agiriaren edukia: "Bere irakurketa zein ekarpen propioak egiteko asmoa iragarri arren, ETAk gomendioekiko konpromisoa adierazi du agirian, nazioarteko gatazketan esperientzia izan duten hainbat adituren parte hartzea eta herritar ugariren zilegitasuna izandako foroaren gomendioak izanik.

Alternatibak azpimarratu duenez, "berriro ere, ETAk herritarren protagonismoa aitortu du, gatazkaren konponbideari begira parte hartu izan duten lagun ugariak aipatuta". Herritarrak "normalizazio politikoaren eta konponbidearen abangoardia" bilakatu direla uste du Alternatibak, "beren diskurtsoa blokeoan geldotasunean oinarritzen dutenen aurrean", Frantzia eta Espainiako gobernuei erreferentzia eginez.

Agirresarobek "eragile sozial eta politiko guztiak bakearekin konprometitzeko" beharra berretsi du, gizartearen aspaldiko aldarrikapena —"inolako indarkeriarik gabeko Euskal Herria lortzea, non pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren"— bide egokian eraman ahal izateko. Alde horretatik, "onartezinak" dira Madrildik heltzen diren eraso etengabeak, eta horren adibide jarri du asteburuan Auzitegi Nazionalak Gernikako alkatea inputatu izana Bakearen saria Arnaldo Otegiri —eta Jesus Egigureni— emateagatik.

Ernai

Ernaik ohar bidez adierazi duenez, ETAk “gatazkaren konponbidean pausoak emateko borondate irmoa azaldu du”. Bide horretan, “ETAk negoziatzeko eginiko eskaintzari muzin ez egiteko” eskatu die gazte antolakundeak  “estatu espainiarrari eta frantziarrari”. “Gobernu biak immobilismo jarrera batean tematu dira, konponbidearen blokeo egoeraren arduradun nagusi bilakatuz”, salatu du.

Bestelako deirik ere egin du Ernaik: “gatazkaren konponbidean aktiboki parte hartzera” bultzatu du herritar oro, "bereziki gazteak". “ETAk bere agirian egin bezala, jarrera ezkorrak alboratu eta behingoz gatazkaren zioei eta ondorioei arduraz eutsi beharra nabarmendu nahi dugu”, gaineratu du.

EAJ

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentea mintzatu da ETAren agiriaren inguruan, Radio Euskadin. Adierazi duenez, ETA "argia balitz" konturatuko litzateke "prozesua blokeatu" egiten duela "Mariano Rajoy mugitzeko zain egoteko estrategiak".

Armak entrega ditzala eskatu dio Ortuzarrek ETAri; areago: armak "hainbeste mindu duen gizarteari" ematea galdegin dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.