Frederique Espagnac PSko kideak berri ontzat jo du Aurore Martin Batasuneko kidea aske uztea, Twitter sare sozialean idatzitako iruzkin baten bidez. Hala ere, Martin "behin betiko" aske geratu arte borrokatuko dela ziurtatu du Espagnacek. "Aurore Martinen askatasuna: berri ona, baina borrokatuko gara behin betiko askatu arte", idatzi du.
Batasunak ere pozarren jaso du albistea, baina salatu du Espainiak alderdiko hainbat kideri "inposatu nahi dien berme ekonomikoa". Ohar baten bidez, Batasunak eskerrak eman dizkie Martin askatzeko eskatuz mobilizazioetan parte hartu dutenei. "Gaur Aurore askatu badute ere beste 600 preso politiko barreatuak dira frantses eta espainol gartzeletan", gaineratu du.
Martin aske utziko dutela txalotu du Max Brisson UMPko kideak Twitterren. "Aurore Martin askatasunera itzuliko dela txalotu nahi dut. Albiste ona da berarentzat eta bere ingurukoentzat", adierazi du. Beste iruzkin batean, Brissonek esan du Martinen aldeko borrokak ahalbidetu duela hura aske uztea. "Euskal Herria zatiketen gainetik batu du. Jarraitu beharra dago", azaldu du.