Erreakzioak. Georges Labazee, Max Brisson, PS, Giza Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordea, Eleak, ELA, EAJ

2012ko azaroaren 2a
16:18
Entzun

Georges Labazee

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente Georges Labazeek azaldu du ezin dela epaitegien erabakien aurka agertu, baina atsekabea azaldu du Aurore Martin Espainiaratzeko "presazko" erabakiaren inguruan. Herritar eta hautetsi asko gatazkaren "behin betiko konponbidearen eta bide baketsuen alde" ari diren garaian halako neurri bat hartu izana kritikatu du Labazeek.

Max Brisson

Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak atzo azaldu zuen Aurore Martin atzeman Espainiaratzeko erabakiaren aurkako iritzia, baina gaur ere ohar bat plazaratu du bere iritzia berresteko. "Nire ezinegona eta haserrea berresten dut", esan du. Brissonek adierazi du Martinek defendatutako posizio politikoei aurre egin izan diela, baina neurri berean uste duela hura Espainiaratzeko agindua "neurriz kanpokoa" dela: "Hiritar frantsesa da, eta Espainian egozten dizkiotenak ez dira zigorgarriak Frantzian".

Brissonek oroitarazi ditu 2011ko ekainean Martin atxilotzen saiatu zirenean PSko hautetsiek esan zituzten hitzak: "Gure historiako unerik ilunenak dira". Euren iritzia argitzeko eskatu die PSko hautetsiei, eta hala egin ezean, PSri diskurtso "zinikoa" izatea leporatu dio.

PS

Martinen atxiloketaren inguruan harridura azaldu dute PSko hautetsiek. "Aurore Martin Espainiako autoritateen esku jartzeak  harritu gaitu, eta euroagindua aplikatu izana kondenatzen dugu", esan dute. Gogorarazi dute Espainiak leporatzen diona Frantzian ez dela deitoragarri: Frantzian legezkoa den alderdi politiko baten kide izatea eta manifestazio publikoetan parte hartzea.

"Adierazpen askatasunaren defendatzale, gure herrikidea berehala Frantziako lurraldera ekartzea eskatzen dugu", gaineratu dute hautetsi ugarik. Adierazpenarekin bat egin duten PSko hautetsien zerrenda ere ezagutarazi dute, eta horien artean dira, besteak beste, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuak, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidente ordea eta Francois Maitia Eskualdeko Kontseiluko presidente ordea.

Giza Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordea

Aurore Martin Espainiaratzeaz Giza Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordeak esan du "izututa" dagoela, eta nabarmendu du Francois Hollande Frantziako presidenteak berak babesa agertu ziola Martini. Frantziako Gobernuaren jokabideak bake prozesua arriskuan jar dezakeela azaldu du,  eta Martin aske uzteko protesta guztiekin bat egitera deitu du.

Eleak

Eleak Mugimenduak adierazi du Aurore Martinen atxiloketak agerian uzten duela Espainiaren eta Frantziaren "immobilismoa", eta nazioarteko eragile ugariren nahiz herritarren eskariei "entzungor" egitea leporatu die. Frantziak eskubide zibil eta politikoekiko adierazitako "mespretxu jarrera" kritikatu du Eleakek, eta Martini elkartasuna adierazi dio, ta hura aske uzteko eskatu du.

Herritarren eskariei muzin egitearen adibide gisa, Eleakek nabarmendu du herritarrek "kuraia" erakutsi zutela iazko ekainean Martinen atxiloketa galarazi zutenean. Mugimenduak gogorarazi du Frantzian legezko alderdia dela Batasuna, eta hala ere Martin Espainiaratzea onartezina dela azaldu du ohar batean.

EAJ

EAJk, bestalde, harridura azaldu du Martinen atxiloketaren inguruan. Alderdien Espainiako Legearen baitan kokatu du polizia operazioa Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, eta arau hori "gainditutako" garai politiko bati dagokiola gaineratu du.

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean mintzatu da Ortuzar, eta zehaztu du Martinen atxiloketa eta ETAko kideena "ezberdina" dela. Martin atzemateak "dena da ETA" estrategiari erantzuten diola azaldu du Ortuzarrek; "Euskadin badakigu hori ez dela horrela". Atzoko atxiloketa Alderdien Legearen "azken kolpea" izateko nahia agertu du, eta erantsi du ez duela uste gerora ezker abertzalea berriro legez kanpo utziko dutenik. Aukera hori "onartezina" izango litzatekeela esan du.

ELA

Espainiako Gobernuaren "jazarpen" politika "bere" egitea egotzi dio ELA sindikatuak Frantziako Gobernuari, eta Aurore Martinen atxiloketa gaitzetsi du. ELAk ere oroitarazi du Ipar Euskal Herrian legezkoa dela Batasuna, eta Martin atxilotu dutela "Frantzian delitu ez diren gauzak egiteagatik". Hain justu, ELAk uste du arrazoi horregatik agertu izan direla hautetsi eta sindikatuetako nahiz gizarte eragileetako ordezkari ugari Martin Espainiaratzearen aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.