Soslaia. Bere bakardadean

2011ko urriaren 20a
14:12
Entzun

Mundu arabiarrean zabaldu den esan batek laburbiltzen zuen Muammar Gaddafiren indarra: "Mubarakek bost presidente estatubatuarrek baino gehiago iraun du bizirik, eta are esanguratsuagoa da Gaddafik hiru presidente egiptoarrek baino gehiago iraun izana". Eta halaxe zen. Afrikako diktadura zaharrenaren protagonista izan da Gaddafi 68 urteko beduinoa, 42 urte zeramatzan-eta agintzen. Berez estatuburu izan gabe, ezta gobernuburu ere. Ofizialki ez zuen kargurik, haren ustez herrialdea bideratzen duen herriak ez duelako hierarkien beharrik. Baina praktikan dena zen; boterea bere moldera egin zuen, eta orain bere baitara egokitu zuen egoera berria, "nazioarteko zakurren" informazio manipulatuari beldurrik izan gabe, "iraultzan sakontzen" jarraitzeko.

1969tik, estatu kolpea eman zuenetik, gaurdaino asko aldatu zen haren jarduna, mundua bezainbeste. Maltzurkeriaz egokitzen jakin izan zuen berari komeni izan zaion egoerara, eta batez ere pragmatismoz, eta nazioarteari begira zer esanik ez: egoerak eskatu zuenean, ateak ireki zizkion negozioak egin nahi izan zituenari.

Liburu berdea obran jaso zituen 1970eko hamarkadako ideologia oinarriak. Orduan arabiarren batasunaren eta sozialismoaren alde egin zuen, eta Egiptorekin eta Siriarekin batasun arabiar sozialista eratzen saiatu zen, alferrik, neurri handi batean Nasser presidente egiptoarra hil zelako —inspirazio iturri nagusietako bat izan zuen hura—. Che Guevara eta Mao ere kutunak zituen, baina denborarekin, joan den hamarkadan AEBetara eta oro har Mendebaldera gerturatu adina aldatu zen ekintzaz, zioenez, pentsamenduz ez horrenbeste, eta buruzagi abilaren fama ere eman zioten europarrek zein estatubatuarrek, beldurgarria eta despota ere bazela zioten, eta nondik aterako zen ezin zitzaiola antzeman, demokraziaren balioa petrolioaren menpekotasunera moldatu behar izan zutenean.

Hainbat estatu kolpetatik onik atera zen, eta 1973ko kolpe saioaren ostean aldarrikatu zuen iraultza kulturalari esker boterea handitu zuen herri batzordeen bidez, haietan herriari ahotsa ematen ziola nabarmenduz. Orain ere horretan jarriko zuen indarra, esan zuenez, herriari berea ematen, baina barruan haserre zituen, eta kanpoan ere duela 30 urte gertatu zitzaion bezala, lanak izan ditu, nazioarteko erakundeek haren jardunari erantzuna eman diotelako.

1980ko hamarkadan, orduan ere zabaldu zen haren izena nazioartean, etsaien artean etsaiena. 1985ean, Erromako eta Vienako aireportuetako atentatuetan inplikatua zegoela esan zutenean goia jo zuen haren kontrako amorruak. Berlingo La Belle dantzalekuko bi soldaduren hilketaren inguruan hartutako jarreran, eta Lockerbieko (Eskozia) eta UTA hegazkinen atentatuan leporatu zioten esku-hartzeak izan dira batez ere gogoangarriak, baina lehenagotik ere, terrorista zelako, Ronald Reagen AEBetako presidenteak eraso zion Libiari.

1981ean Tripolik Washingtonen zuen enbaxada itxiarazi zuen Reaganek, eta zaintza hegazkinak bidali zituen Libiako kostaldera. Urte hartan Newsweek aldizkariak argitaratu zuen CIAk Gaddafi hiltzeko plana zuela. 1982an haren kontra neurri ekonomikoak hartu zituen, eta aliatuei gauza bera egiteko agindu. 1986an erabaki zuen misilekin erasotzea, eta Gaddafiren alaba hil zuen misil haietako batek. 

1992an Nazio Batuen Erakundearen zigorrei egin behar izan zien aurre, "ekintza terroristengatik", Lockerbieko atentatuan hil zituzten 273 pertsonen ustezko erantzuleak ez entregatzeagatik. Arma nuklearren ondorioz ere zigortu zuten, baina horiek gogortuta ere, AK Khan Pakistango ingeniariaren trafiko nuklearrarekin lotura izaten jarraitu zuen, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren 2008ko txostenaren arabera. "Zer egin behar dudan esatea. Horixe behar genuen", erantzun zion harro jakinarazpen horrek sortutako presioari.

Nelson Mandelaren bitartekaritzari esker, Lockerbieko susmagarriak entregatu, eta aro berri bati ekin zion, eta merkatuekiko harremana berreskuratu. La Belleko eta UTAko biktimei kalteak ere eskuzabal ordaindu zizkien, eta NBEk zigorrak kenduz gero hedapen ekonomiko izugarria izan zuen, nazioarteko buruzagiek ia gurtzeraino, eta konplizitatez haren ateraldiei barre egiteraino. Iazkoa da Europarekin "migrazio kooperazioa". Dirutza jasotzen zuen Europako mugak zaintzeagatik. Etxean, ordea, ustelkeriagatik eta askatasun faltagatik etorri zitzaizkion protestak. "Demokrazia perfektua" deritzonaren inperfekzioengatik.

Beti harritzen ezustez, itxura bitxiak ezberdintzen zuen, inguratzen zuten emakume bizkartzainek, bidaietara eramaten zituen gameluek; eta ateraldiek. Hizkera filosofikoa zuela diote; gogoetazalea, eta hiztuna oso. Zortzi seme-alabaren aita, denak zituen inguruan, leinu sentimenduari fidel, familia klanari konfiantza osoa eskainiz. Haien artean banatu eta lotu zituen aberastasunak, eta 2009an ozen egin zuen leinuetako buruzagien aurrean Saim el Islam semearen oinordekotzaren iragarpena.

Basamortuaren kulturatik dator, nomaden familia batetik, eta armadan ikasten jarraitzeko aukera baliatutako gazte prestua bilakatu zen. Zuzenbidea ikasi ondoren, Londresen izan zen hainbat ikastaro egiten, Bengazi hiria 27 urterekin hartu aurretik. Idris I.a erregea atzerrian zegoen bitartean jabetu zen Libiaz. Bereganatu zuen garaian petrolio hobi garrantzitsuak aurkitu zituzten, eta gizarte zerbitzuak doan eskainiz arrakasta lortu zuen.

Etxeko batzuek, "demokrazia zuzena" deritzonaren zaindaritzat jotzen zuten. Haren kritikoentzat, berriz, botere absolutuari heltzen zion ekintza politiko oro itoz eta adierazpen askatasunerako bideak hertsiz. Gaddafiren erregimenak ehunka kartzelatu eta torturatu dituela dio Human Rights Watchek, baita batzuk hiltzera kondenatu ere. Duela ez asko, erretiroa hartu aurretik politikan urratsak egin nahi zituela esan zuen. 

Amagoia Mujika

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.