Politika

Subinas, Benito-Butron eta Diaz Rabago magistratuek epaituko dituzte Ibarretxe, PSE-EE eta Batasunekoak

EAEko Auzitegi Nagusiak gaur berretsi ditu, Ermuko Foroak Diaz Rabagoren kontra sartu zuen errefusatzea baztertu ondoren. Jaurlaritzako lehendakariaz gain, Patxi Lopez, Rodolfo Ares, Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia epaituko dituzte, elkarrizketak izateagatik.

2008ko irailaren 17a
18:38
Entzun
Gaur EAEko Auzitegi Nagusiko 77. salak berretsi duenez, Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago auzitegi bereko magistratuek epaituko dituzte Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko idazkari nagusia eta Antolaketa idazkaria, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia Batasuneko zuzendaritzakideak.

Foro Ermuko Foroak Diaz Rabago errefusatu zuen, baina Auzitegi Nagusiak ez du aintzat hartu.

Ibarretxe, Otegi, Barrena eta Petrikorena, 2006ko apirilaren 19an Ajuria-Enean euren artean batzarra egiteagatik auzipetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiko Roberto Saiz epaile instruktoreak, azken hirurak Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko kideak direlako, eta Lopez, Ares, Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia, urte bereko uztailaren 6an Donostian biltzeagatik, azken hirurak Batasunekoak direlako. Batasunekoei delitua egitea egotzi die, eta besteei delitu hori egiteko beharrezko kolaboratzaile izatea. Publikoak izan ziren bilera haiek, ETA su-etena eman eta gero.

Batasuneko kideekin bildu izana ez dela delitua esan zuen 2007ko azaroan EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak, eta auzipetu denak absolbitzeko eskatu zuen.

Petrikorena, Barrena, Etxeberria eta Dañobeitia gaur egun kartzelan dauzkate, beste auzi batzuk medio, eta Otegik abuztuaren bukaeran irten zuen espetxetik.

Aurretik, Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea eta Nekane Bolado eta Antonio Garcia magistratuak ziren auziko kideak epaitzekoak baina, auzipetuen defentsen, akusazioaren eta Espainiako Ministeritza Fiskaltzaren errefusatzeen ondorioz, ardura horretatik kendu egin zituen Auzitegi Nagusiak, epaiketan "inpartzialak" izan zitezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.