«Madrilekiko eta Parisekiko mendekotasunak ahuldu egiten gaitu». Egungo krisi sozioekonomiko larria gainditzeko asmoz, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkatasunak eta ezker abertzaleak bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomiko baten aldeko akordioa hitzartu dute. Proposamena Maiatzaren Lehenean aurkeztuko dute, Irtenbidea.net webgunean. Proposamenean, Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko egoeraren azterketa egin dute, justizia sozialean oinarrituriko proiektu estrategikoaren printzipioak azaldu dituzte, burujabetza ekonomiko eta politikoaren beharrari buruz hausnartu dute eta krisiari aurre egiteko ildo nagusiak aurkeztu dituzte. Oro har, subiranotasun politiko eta ekonomikoa aldarrikatuko dute irtenbide gisa proposamen horretan.
Donostiako prentsaurrekoan lau alderdietako ordezkariak izan ziren atzo: Alternatibako Oskar Matute, ezker abertzaleko Joseba Permach, Aralarreko Ainhoa Beola eta EAko Mariano Alaba. Azaldutakoaren arabera, Maiatzaren Lehenean emango dute ezagutzera dokumentua, baina hurrengo asteetan gizarteratzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte: maiatzaren 6an, Iruñean, eta hilaren 19an, Bilbon. Gainera, herriz herri, hainbat hitzaldi emango dituzte.
Alde batetik, Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan hartu dituen neurrien inguruan Euskal Herrian erantzun «masiboa» eman dela deritzote. Alderdi horien ustez, «herri gisa» Espainiako Gobernuari erantzun zaio «bestelako politikak» nahi dituela euskal gizarteak. «Euskal Herriak bere tresna propioak eduki nahi ditu, eta burujabe izan nahi du». Helburu hori lortzeko bidean «buru-belarri» lanean aritu direla adierazi dute lau indar politikoek.
Lan horren emaitza da proposamena. Helburu nagusia burujabetza politiko-ekonomikoa dela eta eredu berri bat lortzeko bidea zehaztuko dutela diote. Era berean, «elkarlanerako eskua luzatuko» diete herritarrei, gizarte eragileei eta sindikatuei.
Subiranotasun politiko-ekonomikoa aldarrikatuko dute krisia gainditzeko
Aralarrek, Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk proposamen bat aurkeztuko dute Maiatzaren Lehenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu