Subiranotasuna aldarrikatzeko deia egin dute, etziko

Ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek bat egin dute 1512-2o12 Nafarroa Bizirik egitasmoaren jaialdiarekin

Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek bat egin dute 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmoak etziko antolatutako jaialdiarekin, eta subiranotasuna aldarrikatzeko deia egin dute. «Nafarroaren egungo estatusa betikotu nahi dutenek, Espainiaren menpean eroso bizi direnek, historia gezurtatu dute, konkistaren bortxa ezkutatu nahian». Alderdi horien arabera, UPNk, PPk eta PSNk «galdu egin dute historiaren bataila hori».

Horregatik, eskertu egin diote Nafarroa Bizirik egitasmoari azken hiru urteetan egin duen «lan eskerga». EAren, Aralarren eta ezker abertzalearen arabera, edonork argi du konkista indarrez egin zela. «Ordutik menperaturik egoteak hainbat ondorio ekarri ditu gure lurraldera: konkista babestu zutenen aberastea, lege arrotzen ezartzea, hizkuntz eta kultur zapalkuntza geure hizkuntza zonaka ukatzeraino, ikurrak deuseztatzea...». Alderdien arabera, historiaren gaineko eztabaidaz harago, «historiako gezurrik handienak» agerian geratu dira bosgarren mendeurren honetan.

Alderdi abertzale horien ustez, Nafarroaren azken 500 urteetako historia «menpekotasunean» oinarritu denez, «bada garaia Nafarroa demokratizatzeko». Horregatik, funtsezkotzat jo dute eztabaida etorkizunari begira jartzea. «Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida sozial bat ireki behar dugu, aukera berdintasunean proiektu oro egingarri izan dadin». Herria protagonista bilakatu nahirik, gizarteari dei egin diote, «Nafarroa bizirik» dagoela eta «libre» izan nahi duela aldarrika dezan. Etzi Iruñeko martxa nazionalera joateko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.