Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Subiranotasunak izan duen igoera nabarmendu du nazioarteko prentsak

Alderdi abertzaleen garaipena azpimarratu dute, eta Raxoirentzat arazo bihur litekeela ohartarazi

Erredakzioa
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJk eta EH Bilduk lortu dituzten emaitzek eman dute zeresana nazioarteko prentsan. Egunkari gehienek nabarmendu dituzte alderdi abertzaleek izandako gorakada, eta horrek Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoiri sor diezazkiokeen arazoak. Batez ere, Europako prentsak aipatu ditu EAEko hauteskundeen emaitzak, baina Txinara eta Japoniara ere iritsi da igandeko bozen berri.

Frantziako Libération egunkarian esan dute «euskal ezker separatistak armak ahaztarazi» nahi dituela, eta ez dituela galdu bere «indar mobilizatzailea» ezta «gaitasun logistikoa» ere. Le Figaro-k, berriz, honako izenburua argitaratu du: «Raxoi onik atera da Galizian; independentistak festan dabiltza Euskal Herrian».

Prentsa espainiarrak ere ez du ezkutatuabertzaletasunaren garaipena: «Euskal subiranotasunaren arrakasta Feijook Raxoi salbatu duen bitartean», dio El Mundo-ren azaleko izenburuak, eta «hondamenditzat» jo ditu PPren emaitzak. El Pais-en, aldiz, PSE-EEren gainbehera nabarmendu dute, horrek Raxoiri «arnasa» eta subiranotasunari «bultzada» eman dielakoan.

«Tentsioa, arazoak...»

Erresuma Batuan, The Telegraph egunkariak dio EAEko emaitzek «Madrilekiko tentsioak areagotu» ditzaketela, «hautesleek gehiengo handiz alderdi nazionalista eta separatistak» babestu dituztela-eta. The Guardian-ek, berriz, nabarmendu du «alderdi independentisten» gorakadak Europar Batasunaren baitan «tentsio separatistak» areagotu ditzakeela, eta hauteskundeetako emaitzak «arazo bat gehiago» direla Raxoirentzat.

Alemaniako prentsari dagokionez, Suddeutsche Zeitung-en diote EAEko hautesleek «modu argian» erakutsi zutela «independentzia» gehiago lortzeko nahia. Wall Stree Journal Deutschland egunkariak ere argitaratu du «separatistek garaipen argia» lortu zutela, eta ziurrenik, gobernua osatuko dutela.

Italian, «ETAren oinordekoen garaipena» izan dela aipatu du La Repubblica-k, eta «haize nazionalistak» dabiltzala dio Corriere della Sera-k: «Emaitzak alarma seinalea dira, Kataluniako hauteskundeekin, itzaltzen zaila izango den sua piztu bailiteke». Ildo beretik jo du Portugalgo Diario de Noticias-ek ere: «Olatu nazionalista itzuli da». Austrian ere mugimendu independentistak Raxoirentzat «kezkatzeko arrazoi» izan litezkeela dio Die Presse-k, eta «separatista erradikalak» bigarren indarra direla Der Standard-ek.

Europatik kanpo, Txinako Xinhua berri agentziak ere nabarmendu du «arazo larriak» ekar diezazkiola Raxoiri EAJren eta EH Bilduren gorakadak, eta Japoniako egunkariek ere aipatu dute indar politikoen gehiengoak «independentzia gehiago» nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.