KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Subiranotasunari uko egiteko eskatu dio Rajoyk Kataluniari, elkarrizketarako

Elkarrizketarako prest dagoela adierazi du Espainiako Gobernuak, baina "legediaren baitan". Ohartarazi du ez dituela inoiz ere auzitan jarriko Espainiaren batasuna eta haren subiranotasuna.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, gaur, Kongresuan. KIKO HUESCA, EFE
2017ko urriaren 11
09:37
Entzun

Elkarrizketa galdegin du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, baina horretarako baldintza jarri du: subiranotasunari uko egitea. Rajoyren esanetan, autodeterminazio eskubidea ez dago jasota inolako konstituzio demokratikotan, eta Kataluniak bere etorkizun politikoa erabakitzeko asmoa ezin da gauzatu egungo legediaren baitan. Horretarako, konstituzioa aldatu beharko litzatekeela adierazi du, eta horretarako bideak aurreikusten dituela konstituzioak berak, baina Rajoyk aurreratu du inoiz ez dituela auzitan jarriko Espainiaren batasuna eta Espainiaren subiranotasuna.

Espainiako presidenteak adierazi du Kataluniako auzia elkarrizketaren bidez konpondu beharra dagoela. Aldiz, ohartarazi duenez, "ez dago bitartekaritza posiblerik legediaren eta lege urratzeen artean". Rajoy prest agertu da katalanismo konstituziozale eta europarzalearekin adostasunak bilatzeko.

Rajoyren arabera, urriaren 1eko erreferenduma "demokraziaren kontrako kolpea" eta "iruzurra" izan da. Ondorioz, erreferendumaren emaitza ezin da inolako erabakiren oinarri izan; "are gutxiago Kataluniaren independentzia deklaratzeko" abiapuntu. Rajoyk salatu du erreferendumak ez zituela gutxieneko bermeak bete.

Horrez gain, "elkarbizitzaren oinarria" suntsitzea egotzi die Kataluniako agintariei, legalitatea urratu dutela iritzita. Egoera horren aurrean, Espainiako Estatuaren erantzuna "neurritsua" izan dela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie erreferenduma eragozteko jardunean aritu diren estatuko erakundeei. Bereziki eskertu du Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren esku hartzea. Urriaren 1eko gertakarien ardura erreferendumarren sustatzaileei leporatu die osorik, erreferendumaren deialdiari eusteagatik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.