Bilboko kaleak bete egin ditu EH Bilduk independentziaren alde deitutako manifestazioak. "Partida hau hemen jokatzen da, Euskal Herrian, eta guk gola sartuko diogu Estatu espainiarrari", iragarri du Hasier Arraiz Sortuko buruak martxaren amaieran eskainitako prentsaurrekoan.
Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma ere hizpide izan du Arraizek, eta ohartarazi du duela 40 urte egin bezala, orain ere ezezkoa emango diotela "Euskal Herria lotu eta isiltzeko sortutako konstituzioaren" erreformari.
Sortuko burua ez ezik, protestan izan dira Onintza Enbeita, Rafa Larreina, Rebeka Ubera edota Sabino Cuadra. Azken horrek hartu du hitza martxa amaitutakoan eta adierazi du badela garaia korapiloak askatzeko, "egungo errejimena iruzur sozial, demokratiko eta politikoa delako".