Arnaldo Otegiren hautagaitza

Sufragio pasiborako eskubidea espetxetik ateratzean berreskuratzen dela argudiatu du Iruinek

[youtube]https://youtu.be/iC26hm-KIEo[/youtube] Arnaldo Otegi sufragio pasiborako eskubidearen jabe dela argudiatu du Iñigo Iruinek. Argi azaldu du prentsaurrekoan: sufragio pasiborako eskubidea kentzen zion zigorra espetxe zigorrarekin batera amaitu zen. Alegia, espetxetik atera zen unetik bertatik berreskuratu zuen hautagai izateko eskubidea. Hori berak ez ezik Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak ere esana dutela nabarmendu du, gainera.

2016ko abuztuaren 26a
10:45
Entzun

Otegiri sufragio pasiborako eskubidea kendu zioten Bateragune auziko epaian. Sei urte eta erdiko espetxe zigorra jarri zioten, eta denbora berean sufragio pasiborako eskubidea kendu, hau da, aukeratua izatekoa. Eskubide hori kentzeko zigorra espetxearen "zigor osagarria" da, eta zigor osagarriak zigor nagusiarekin batera amaitzen dira Espainiako auzitegietako jurisprudentziaren arabera. Alegia, zigorra bete zuen egunean berreskuratu zuen Otegik sufragio pasiborako eskubidea: 2016ko martxoaren 1ean.

Iñigo Iruinek azaldu du EH Bilduk hauteskunde batzordean aurkeztu duen txostenaren edukia. Otegi bera eta defentsako taldean berarekin lanean ari den Adolfo Araiz alboan izan ditu prentsaurrekoan. Esaten ari zena argudiatzeko Espainiako Zigor Kodea eta jurisprudentzia osatzen duten hainbat epairen zatiak irakurri ditu. Gorenak dio zigor nagusia eta zigor osagarria "elkartuta" doazela "bete arte"; eta Konstituzionalak dio zigor osagarriak zigor nagusiaren "zorte bera" izaten duela.

Hauteskunde batzordeak Otegi "hautaezin" dela ebatzi duen idatzian dio 2021eko otsailera arte sufragio pasiborako eskubiderik ez duela Otegik. Iruinek ohartarazi du, irakurketa hori egiteko ezinbestekoa dela sufragiorako eskubidea zigor nagusi gisa hartzea, eta nabarmendu du Otegiren kontrako epaiak argi diola "zigor osagarria" dela. Beraz, hauteskunde batzordeak zigorraren izaera aldatu duela salatu du, eta halakorik ezin dela egin ohartarazi.

Hori bai, Iruinek onartzen du 2021eko otsailera arte kargu publikoetarako inhabilitazioa daukala Otegik, hura zigor nagusia delako. Baina azaldu du ez dela zehazten zein kargutarako den inhabilitazioa eta, beraz, ezin zaiola aplikatu, Iker Casanovaren auzian bezalaxe. Gainera, horretan hauteskunde batzordeak ere arrazoia eman diola ulertzen du Iruinek, idatzian ez duelako horri buruz ezer esaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.