Biktimak

"Sufrimendu guztiak" aintzat hartu behar direla diote Unai Gonzalezek eta Rosa Lluchek

Eusko Legebiltzarreko Bizikidetza eta Memoria Lantaldean sakabanaketaren eta ETAren hiru biktimek egin dute agerraldia.

Unai Gonzalez preso ohia eta Rosa Lluch ETAren biktima, gaurko saioan. DAVID AGUILAR / EFE
edurne begiristain
2017ko irailaren 27a
08:26
Entzun

Hiru biktimen lekukotzak entzun dituzte gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Bizikidetza eta Memoria Lantaldean: Unai Gonzalez preso ohiarena – sakabanaketaren biktima gisa egin du agerraldia, amaginarreba hil zitzaiolako istripuan— eta ETAk hildako bi lagunen seme-alabak: Rosa Lluch eta Josu Elespe. Ateak itxita egin dituzte agerraldiak.

Elespek ez du komunikabideen aurrean hitz egin nahi izan. Gonzalezek eta Llachek, berriz, lantaldean emandako lekukotzaren berri eman dute gero. Biek ala biek azpimarratu dute giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktima guztiek merezi dutela aitortza, eta "sufrimendu guztiak" aintzat hartu behar direla. Gonzalezek sakabanaketaren biktima gisa hitz egin du lantaldean: bertan azpimarratu du sakabanaketak hamasei lagun hil dituela, eta hori ere eskubideen urraketa bat izan dela. Bi eskaera egin dizkie Gonzalezek lantaldeko kideei: batetik, sakabanaketak eragindakoak ere biktima gisa aitortzeko, eta bestetik, berriro halako biktimarik egon ez dadin bermatzeko. Preso ohiaren ustez, beste edozein biktimaren "eskubide berberak" izan beharko lituzkete sakabanaketaren biktimek, eta inork ez luke "berarentzat hartu behar" biktima guztien sufrimendua.

LLachek, berriz, azpimarratu du samin eta sufrimendu guztiek berdin balio dutela, eta biktima guztiek merezi dutela aitortza. "Zauriak ixtea" eta "zubiak eraikitzea" ezinbestekoa dela esan du Llachek, eta alde horretatik "positiboa" eta "beharrezkoa" iruditu zaio Memoria Lantaldearen egitekoa. Haren ustez, ETAren indarkeria "akats izugarria" izan zen, baina baita talde parapolizialek,  "Estatuko estoldek" eta segurtasun indarrek eragindakoa ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.