Arma nuklearrak direla-eta Iran eta Mendebaldea eztabaidan buru-belarri diren unean hartu du Ahmadinejadek presidente kargua. Ondorioz, gai hori hizpide izan du karguaz jabetzeko ekitaldi erlijiosoan. "Munduaren segurtasuna" mehatxatzen duten arma guztiak desagertaraztearen alde agertu da presidente berria, batik bat, suntsipen handikoak: nuklearrak, kimikoak eta biologikoak.
Nolanahi ere Ahmadinejadek nabarmendu du "potentzia hegemonikoak" direla arma horiek dituztenak, eta, gainera, haiek erabakitzen dutela beste zein herrialdek gara ditzaketen teknologia horiek. Bidegabekeria iritzi dio jokamolde horri, herrialde guztiek ez dituztelako aukera berdinak arma arloan zer egin erabakitzeko. Iranek "bake egonkorra eta nazio guztientzako justizia" aldarrikatzen duela azpimarratu du.
Egunotan, liskar handia sortu da Iranen eta Mendebaldearen artean, Teheranek arma nuklearren oinarri den uranio aberastuarekin probak egiten jarraituko duela iragarri ondoren. Batik bat AEBek akusazio gogorrak egin ditu Iranen aurka, eta ohar mehatxagarriak ere egin dizkio.
Iran
Suntsipen handiko armak desagertaraztearen alde agertu da Ahmadinejad presidente berria kargu-hartze ekitaldian
Ali Khamenei 'ayatollahk', Irango buruzagi erlijioso nagusiak, gaur eman dio oniritzia Mahmud Ahmadinejaden izendapenari, eta, ondorioz, Irango presidente bilakatu berri da. Mendebaldetik "oso kontserbadoretzat" jotzen den diskurtso teokratikoa oinarri hartuta aurkeztu zen hauteskundeetara, eta soslai "teknokratagoko" aurkariei lasai nagusitu zitzaien. Iranen asmo nuklearren inguruan eztabaida gori-gorian denean, "munduaren segurtasuna mehatxatzen duten" arma guztiak desagertarazteko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu