Hirugarren partida jarraian galdu zuen atzo Athleticek: 2-1 irabazi zion Atletico Madrilek. Partida kontrolpean izan zuten lehen minutuetan Athleticekoek, baina etxekoek aurre hartu zuten markagailuan 18. minutuan, Jadek sarturiko gol bati esker. Atsedenaldia iritsi baino lehen egin zuen Blancak bigarrena kontraerasoan, eta ia erabakita utzi zuen norgehiagoka.
Bigarren zatian, markagailua iraultzeko ahalegina egin zuten Athleticekoek, eta 54. minutuan Vanesa Gimbertek sartu zuen, penaltiz, 2-1ekoa, baina bizkaitarrek ezin izan zuten berdintzea lortu. Lehen postua zazpi puntura dute orain zuri-gorriek.
Realak, berriz, berdinketa lortu zuen Rayoren aurkako lehian, Zubietan. Espainiarrak jarri ziren aurretik markagailuan, 22. minutuan 0-1ekoa sartu baitzuen Natalia Pablosek. Partida amaitzeko hamar minutu falta zirela berdindu zuen Realak, Ane Bergararen bitartez. Kopa jokatzeko postuetatik kanpo dira orain gipuzkoarrak.