Azken orduetan hainbat sute izan dira Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan: zehazki, Lekazarozen, Bilbon, Leioan, Ispasterren, Ereñan, Ataunen eta Deban.
Deban baserri baten zati batek hartu du su, eta bi lagun zauritu dira. Ospitaleratu egin dituzte.
Ataunen iristeko zaila den toki batean piztu da sua. Ur-hegazkin batek ura botata lortu dute itzaltzea. Hogei hektarea inguru erre dira.
Bilbon, berriz, atzo arratsaldean piztu zen sua, Uretamendi auzoko baso batean. Zazpi orduren buruan hartu dute mendean, goizeko hamaikak aldera.
Lekarozen ere atzo arratsaldean piztu zen sua, eta gaur eguerdian eman dute amatatutzat. 50 hektarea inguru erre direla eman du jakitera Nafarroako Gobernuak. Legate mendian izan da sutea.
Haize bortitza
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta ezarri du haizeagatik eta sute arriskuagatik. Batetik, haizeak gogor joko duela iragarri du. Gaur orduko 100 kilometroko abiaduran ibiliko dela iragarri du, eta bihar baliteke 120ko muga gainditzea. Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere alerta laranja ezarri du Nafarroako iparraldean, haizeagatik. Bestetik, Segurtasun Sailak sute alerta ere ezarri du; gogorarazi du hego haize bortitzak, hezetasun urriak eta tenperatura altuek areagotu egiten dutela suteak pizteko arriskua.
Kontrolpean dago Arantzan (Nafarroa) ostegunean piztu zen sua. Ordea, larrialdi egoera mantentzea ebatzi dute; ingurua lehor dago, eta, Aemetek iragarri bezala, haize bolada bortitzak espero dira datozen orduetan. Haizeak, hain zuzen ere, zaildu zituen sua itzaltzeko lanak. Guztira 50 suhiltzaile inguru aritu dira bai sutearen frontea kontrolatzeko, bai inguruan sartutako sute txikiak itzaltzeko. Sutea jazo den eremua malkartsua da, eta fronteak 75 metroko zabalera zuen atzo eguerdian.
Cordovilla, Oronoz, Altsasu, Iruñe, Auritz eta Nabaskozeko suhiltzaileak aritu ziren lanean, baita Bera, Lesaka eta Goizuetako boluntarioak ere. Hain zuzen ere, boluntarioetako bat Irungo ospitalera eraman zuten (Gipuzkoa), zaurituta. Bertaratu ziren osasun profesionalek giltzurrunetan kolpe bat atzeman zioten, eta femur haustura ere izan zezakeela ondorioztatu zuten.
Behin betiko datuak heldu bitartean, Juan Miguel Almandoz Arantzako alkateak jakinarazi zuen erretako eremua 140 hektarea ingurukoa dela. Horiekin ia 600 hektarea erre dira Euskal Herrian azken egunotan. Igantzin (Nafarroa) 250 kiskali ziren, eta Igeldon 200 inguru (Gipuzkoa).