Sute handia piztu da gaur goizean Ajangizen dagoen Maier enpresan (Bizkaia). Biltegi batean piztu da sua, eta 10:30 aldera jaso dute larrialdi zerbitzuek bertara joateko abisua. Langileak eraikinetik aterarazi, eta bertaratu diren ososasun langileek hiru langile artatu dituzte, eta beste lau Galdakaoko ospitalera eraman dituzte, batzuk kea arnasteagatik eta besteak erredura arinak izateagatik. Eguerdirako kontrolpean zuten sua eta zonaldea hozteko lanetan aritu dira gero.
Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi du ezbeharrak kalte materialak baino ez dituela sortu. Suteak, batez ere, biltegiari eragin dio eta ekoizpenerako instalazioek ez dute kalterik jasan. Jakinarazi du sua pizteko arrazoiak zeintzuk izan diren jakiteko lanean ari direla.
Bilbon, berriz, okindegi batean piztu da sua goizaldean. Bart gauean izan da leherketa, Zorrotza eta Castrejana arteko errepidean. Labeetako batek eztanda egin du, baina ez da inor zauritu. Sua itzali da jada.