Larraiotzen (Nafarroa) gaur arratsaldean sortutako suteagatik han bertan eta Markelainen, Beorburun eta Nuinen estuasunak pasatu dituzte, baina suhiltzaileek sua kontrolatua dute, Markelaingo portuan izan ezik; ez dute nahi sua errepide bestaldera pasatzerik, eta bidea itxita daukate.
Larraiozko lasto-biltegi batean sortu da sua, handia, 13:40an. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, herrialdeko zortzi suhiltzaile parkeak sua itzaltzeko lanetan ari dira, baita Nafarroako hiru helikopteroak eta Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko bi hegazkin ere. Kea Iruñeraino heldu da.
Ibargoitin ere izan da sutea, eta goizean amatatu dute. Atzo sortu zen, Idotzinen bi tximista pinudi batera erori ostean. Hasieran gobernuko hiru helikoptero erabili zituzten, baina gero laguntza handiagoa behar izan zuten, lekua ez baita iritsi erraza. Denera 50 bat suhiltzaile aritu dira lanean. Gobernuak jakinarazi du hektarea bat eta erdi erre dela.
Itzagaondoan ere bada suterik. 16:15 aldera piztu da.
Araban hiru, Gasteiz inguruan
Araban ere sortu dira gaur suteak: bost. Gasteiz inguruan piztu dira hiru, eta beste biak Kanpezun eta Trebiñun.
Gasteiz parean 14:30ean sortu dira hiru suteak. Etxabarri-Urtupiñatik gertu hasi da bat, eta Agurain aldera doa, baina kontrolpean dute. N-1 errepidea itxita izan dute une batez, keagatik. Beste sute bat Mendibilen sortu da, eta hirugarrena hortik kilometro batzuetara, Arratzu-Ubarrundian, Arroiaben, Uribarri Ganboako urtegitik gertu -han zeuden lagunak aintziratik atera dituzte larrialdi zerbitzuek-. Mendibilgo eta Arroiabeko bizilagun batzuk etxetik atera dituzte, baina Ertzaintzak dio ez dagoela arriskurik.
Hiruretan Bizkaiko eta Gipuzkoako suhiltzaileen laguntza behar izan dute Arabakoek.
Kanpezuko sutea itzaltzera boluntarioen talde bat joan da eta Trebiñura Miranda de Ebroko (Espainia) suhiltzaileak. Trebiñukoa da suterik garrantzitsuena une hauetan (19:18 direla).
gizartea
Suteek arazoak sortu dituzte Nafarroan eta Araban
Nafarroan, Larraiozko lasto-biltegi batean su handia piztu da, eta Markelain, Beorburu eta Nuin ingurura zabaldu da; ia dena kontrolatua dute. Kea Iruñeraino heldu da. Araban bost sute sortu dira, eta Mendibilgo eta Arratzu-Ubarrundiko Arroiabeko bizilagun batzuk etxetik atera dituzte badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu