Euskarazko hezkuntza publikoa Nafarroako beste hiru herritara zabalduko da irailean. Eremu ez-euskaldunean lehen aldiz eman dute aukera eskola publikoan D ereduan aurrematrikula egiteko, eta hiru herritan osatuko dituzte taldeak: Tafallan, Lodosan eta Azkoienen. Denera 77 ikaslek egin dute eskaria eremu ez-euskaldunean sare publikoan euskaraz eskolatzeko, baina denek ez dute aukera izango herrian edo gertuan euskaraz ikasteko, ez dutelako lortu gobernuak eskatutako gutxieneko kopurua —gelak jartzeko, zortzi ikasle galdegin ditu—. Eskaintza publikoa zabaldu den arren, ikastoletan iazko kopuruari eutsi diote: 73 eskari jaso dituzte.
Euskararen Legea aldatuta, lehen aldiz izan da aukera Nafarroa osoan aurrematrikula D ereduan egiteko. Mezu hori nabarmendu du Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak: «Lehen aldiz, lortu da nafarrek hezkuntza bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko duten eskubidea bermatzea». Bidea hasi besterik ez da egin, hala ere: aukera Haur Hezkuntzan izan dute.
Gobernuaren asmoa zen irailean eskolan hasiko direnei onartzea D ereduko eskariak eremu ez-euskaldunean. Gehiago jaso ditu, ordea. 77 eskarietatik, 40 dagozkie irailean eskolan hasiko diren haurrei, 3 urtekoei; beste 37 izen emateak 4-5 urteko umeenak dira. Eredua aldatzeko eskatu dute. Departamentua aztertzen ari da zein kasutan ote den posible.
Eskari batzuk bidean geratuko direla ziurra da: Zangozan bi, eta bana Corellan, Castejonen eta Tuteran. Taldeak osatzea lortu duten kasuetan, herri batekoak baino gehiagotakoak elkartu egin dituzte. Tafallan, adibidez, hamalau ikasle dituzte —Tafalla, Erriberri, Barasoain, Artaxoa eta Berbintzanakoak—; Azkoienen, hamar —Azkoien, Caparroso, Martzilla, Faltzes eta Santakarakoak—, eta Lodosan, hamahiru —Lodosa, Andosilla eta Vianakoak—. Lodosaren kasuan, udalak eta eskolak berak eskatuta, 3-5 urteko ikasleak bildu egingo dituzte gela berean, gutxieneko kopurura iritsi ahal izateko. Tafallan aztertzen ari dira aukera hori; 4-5 urteko umeen eskariari erantzungo liokete hala. Ez dute aipatu beste herri batzuetan ere hori bera egiteko aukera.
Lekualdatzeei begira
Malgutasuna eskatu du Sortzen elkarteko bozeramaileak, Sergio Iribarrenek. «Eskariei erantzun positiboa eman behar zaie. Urteetako diskriminazioaren ondoren, eskubidea dute herrian euskaraz ikasteko». Eremu ez-euskalduneko 77 eskari horiez gain, beste 52 eskari ere jaso ditu Hezkuntza Departamentuak: bizilekua eremu ez-euskalduneko herri batean duten ikasleak dira, D ereduan ikastera eremu mistora joango liratekeenak —Lizarrara, Garesera edo Iruñerrira—. Halako kasu batzuk «zintzilik» daudela azaldu du Iribarrenek: Mendigorria aldean, adibidez, badirela dozena erdi bat ume Garesera bideratu asmo dituztenak D ereduan ikasteko. Horrelako kasuetan, «kontzentrazioen» ordez herrian bertan D eredua jartzeko eskatu dio gobernuari. «Beste eremuetan hori egiten da G eta A ereduekin. Aski da familia batek edo bik eskatzea».
Gobernuak agindu du herrian euskaraz ikasteko aukerarik gabe geratzen direnek laguntzak jasoko dituztela garraioa eta jantokia pagatzeko —erdarazko ereduetako ikasleek ere izaten dute laguntza herrian eskolarik ez badute—.
Gehiago lor zitekeen?
Eremu ez-euskaldunean euskarazko irakaskuntza zabaldu egin dela, mezu hori eman du Mendozak. 188 ikasle zenbatu ditu: eremu ez-euskaldunean publikoan eta ikastoletan izena eman dutenak, eta eremu ez-euskaldunean bizita eremu mistora joko dutenak D eredura. Iaz 126 izan ziren. Emaitzarekin «pozik» dago Hezkuntza Departamentua. Ohartarazi du «berritasuna» izan dela D eredua aurten —«egon daitezke guraso batzuk jakinaren gainean ez zeudenak...»—, eta datorren urtetik aurrera euskarazko eredua «normalizatuago» egongo dela.
Gehiago egin zitekeela, erresumin hori dute eragile batzuek. Gobernuak «askoz gehiago» egin behar zuela dio Iribarrenek, jarrera aktiboagoa izan behar zuela euskarazko ereduarekiko. «Gauzak ez dira egin behar bezala».
Departamentuak gutun bat bidali zien eremu ez-euskalduneko gurasoei, jakinarazteko D eredua hautatzeko aukera daukatela. Informazioa emateko webgune bat ere jarri du. «Lehenago egin behar zen hori: familiek ez dute astebete lehenago erabakitzen zein eredutan eman izena». Bide beretik jo du LAB sindikatuak ere. Alberto Goikoa, Nafarroako irakaskuntzako ordezkaria: «Berria zen D eredua, eta jarduera bereziak egin behar ziren. Baina ez da egin saltzeko ahaleginik. Akats nabariak egin ditu gobernuak».
Sortzen bera aritu da lanean eskoletan. «Legea aldatu zutenean ikusten genuen lan handia egin beharko zela. Bagenekien beldur handia egongo zela, eta herriz herri ikusi dugu hori: zalantzak, beldurra, desinformazioa...», azaldu du Iribarrenek. Eredua orain arte eremu ez-euskaldunean sare publikoan ez egoteak ere eduki du eragina, noski. «Dudak zituzten nola ezarriko zen. Gurasoek esaten ziguten: 'Jada martxan balego, izena emango nuke baina...'».
Horregatik eskatu du Sortzen-ek malgutasun handiagoa, bidea egiten hasteko. «Espero dugu datozen urteetan eskariak asko handituko direla aurten D eredua martxan jarriko den herrietan». Eskariak ezerezean geratu diren kasuetan, berriz, berriro abiatzea izango da datorren urterako lana.
Ikastetxeen jarrera
Eskola batzuetan agertutako jokabideek ere eragin dute kezka. Iribarrenek azaldu du informaziorik ez dutela eman batzuetan. «Gurasoak galdezka joan, eta zuzendariak erantzutea ez dakiela ezer D ereduari buruz... Hori ezin du egin zuzendari batek». Horretan departamentuak erantzukizun zuzena duela ohartarazi du. «Bazeuden beste era batzuk eskoletara iristeko. PAIri buruz egin dituzte bilerak zuzendariekin, informazioa eman... Kezka ezin da oztopo izan D eredua hedatzeko».
Gai horri buruz salaketa irmoa egin du LABek. Proba egin du, 40 ikastetxetara hots eginda, ea zer eskaintzen duten. D eredua hiru eskolatan bakarrik eskaini diete; hamahiru ikastetxetan ez diete aipatu, eta beste hamarretan «ez aukeratzera bultzatu» dituzte. Aurrematrikulazio kanpainan gobernuak beste ekimen batekin jokatu behar zuela uste du LABek: «Kanpaina ikastetxeen esku uztea arduragabekeria da, haietatik eman den informazioa eskasa izan delako, eta bakoitzeko zuzendaritzaren iritziaren araberakoa».
Galdera propio eginda, Mendozak esan du departamentuak ez duela jaso kexurik. «Ikerketa bat hasteko, oinarri bat beharko genuke». Goikoak azaldu duenez, baina, atzo goizean bertan bilera egin zuten Hezkuntza Departamentuko Euskara Zerbitzuarekin gai horri buruz. «Defizitak egon direla ikusten dute». Beste batzar bat eskatzeko asmoa dute; oraingoan, Plangintza Zerbitzuarekin.
Edonola ere, Mendozak nabarmendu du ekainekoa izango dela benetako matrikula, eta gurasoek aukera izango dutela D eredura jotzeko. Orduan baieztatuko dute D eredua noraino zabalduko den.
Euskara. Nafarroako hezkuntza
Tafalla, Lodosa eta Azkoienen jarriko dute irailean D eredua sare publikoan
Eremu ez-euskalduneko sare publikoan euskaraz ikasteko 77 eskari jaso ditu Nafarroako Gobernuak.Ikastolekin eta leku aldatzeekin, 188 ikasle dira; iaz 126 ziren.Ikasle kopuruari eutsi diote ikastoletan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu