Euskal Presoak

Tafallako alkateak "errespetu faltatzat" jo du inputazioa

Arturo Goldarazena Tafallako alkateak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du, ustez, "terrorismoa goratzeagatik". Tafallako jaien hasieran "Preso eta iheslari politikoak etxera" zioen pankarta bat zegoen udaletxeko aurrealdean. Alkatea deklaratzera deitu dute udaleko agintari nagusi gisa.

Tafallako jaietako txupinazoan udaletxean jarri zuten euskal presoen aldeko pankarta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko urriaren 14a
11:41
Entzun

Epailearen aurrean deklaratu ondoren, Goldarazena harrituta agertu da pankarta horrek orain sortu duen "kezka" dela eta. Izan ere, gogorarazi du hamabost urtez jarri dutela pankarta hori Tafallan, baita alkatetzan beste indar politiko batzuk zeudenean ere.

"Orain, alkatea EH Bildukoa denean sortzen da arazoa", kritikatu du, eta ziurtatu bere inputazioak ez duela funtsik. Presoen sakabanaketa salatzeaz, berriz, esan du "eztabaidagarria" dela, baina "inola ere ez delitu bat". Epaileari azaldu dio ez dakiela nork jarri zuen pankarta hori udaletxean, baina defendatu du EH Bilduk "babes garrantzitsua" duela udalean eta hori "errespetatu beharra" dagoela.

Fiskalak egindako salaketa aintzat hartu zuen Juan Pablo Gonzalez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta horren ondorioz, Tafallako alkatea deklaratzera deitu du. Fiskalak alkatea salatu du pankartaren leloak "hizkuntzaren erabilera desitxuratuz, ETAko presoen egoera bide gabea dela aditzera eman nahi zuelako".

EH Bilduk salatu du inputazioaren "zentzugabetasuna". Koalizioaren aburuz, hainbatek oraindik ez dute onartu "Nafarroan gertatutako aldaketa". Gainera, gogoratu dute, Tafallako jaien hasieran urtetan egon dela euskal presoen aldeko pankarta udaletxean, UPNk eta PSNk alkatetza zuetelarik. "Kasu horietan ez zen egon inolako inputaziorik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.