Tafallako (Nafarroa) haur eskola batean herenegun istripua izan zuen haurra hil egin da. Iruñeko Ospitale Guneko zainketa intentsiboetako unitatean egon da ospitaleratuta, oso larri, eta atzo goizaldera hil zen. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, haurrak 3 urte zituen. Nonbait, burua patioko hesiko bi barra lodiren artean sartu zuen, eta hezitzaileek konorterik gabe aurkitu zuten. Ahalegin ugari egin dituzte, geroztik, ospitalean haurra bere onera ekarri nahian, baina alferrik izan da. Nafarroako Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatu dena argitzeko.
Gertakaria 11:30 aldera izan zen herenegun, Tafallako Olleta kalean dagoen haur eskolan. Antza denez, patioan zegoen kaxa baten gainera igo zen haurra, eta hori baliatu zuen burua bi barra lodiren artean sartzeko —barra horiek haurren jolas gunea eta larrialdietarako irteera bat banatzeko daude—. Haur eskola horretara joaten diren hainbat haurren gurasoek adierazi dutenez, istripua gertatu den tokian arriskurik egon zitekeenik ez zaie sekula iruditu.
11:37 zirela aurkitu zuten umea bi barren artean bertako irakasleek, konortea galduta, eta larrialdietara deitu zuten. Suhiltzaileak eta Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietako talde bat hara joan ziren, eta haurra bere onera ekartzeko maniobrak egin ostean, ospitalera eraman zuten. Arnasa hartzeko laguntza behar zuen, eta pediatriako zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu zuten.
Istripua argitzeko ikerketa martxan dago, baina Jose Iribas Nafarroako Gobernuko hezkuntza kontseilariak aurreratu du posible dela umeak «elementu arrotz bat» erabili izatea altuera horretara iristeko. Dena den, oraindik ondoriorik ezin dela atera adierazi du. Nabarmendu du ere halako istripuek hausnarketa bat eskatzen dutela: «Istripu hauek adierazten dute zein garrantzitsua den haurren tokian gauza guztiak egoki edukitzea».
Laguntza familiari
Iribasek ez ezik, Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ere hitz egin du gaiaren inguruan, eta iragarri du osasun talde bat bidaliko dutela Tafallara, haurraren familiari laguntza psikologikoa emateko: «Halako tragediaren ondoren behar-beharrezkoa da familiari laguntzea. Oso gaizki pasatzen ari dira». Haur eskolako hezitzaileei ere lagunduko dietela esan du Verak.
Cristina Sola Tafallako alkateak, berriz, adierazi du haurraren sendiaren «min sakona» errespetatzen duela. Udalak datorren astearteko osoko bilkuran aztertuko du gaia. Haur eskolako ateek zabalik jarraitzen dute, baina atsekabea da nagusi irakasleen eta haurren gurasoen artean.
Tafallako haur eskola batean istripua izan zuen 3 urteko haurra hil egin da
Burua bi barra lodiren artean sartuta zeukala aurkitu zuten umea, eta zainketa intentsiboko unitatean zendu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu