Atzo arratsaldean Tafallako (Nafarroa) zezen-plazan zeuden 42 lagunek behar izan dute osasun zerbitzuen laguntza, baina horietatik hiruk baino ez dute segitzen erietxean ingresatuta, hirurak Iruñean, Nafarroako Ospitaletegian.
10 urteko mutiko bat da larrien dagoena: zezenak azpian harrapatu zuen, kolpe ugari ditu, eta bereziki, zapalketak eragindako traumatismo abdominala. Larri dago, zainketa berezien unitatean. Azken txostenaren arabera, egonkor dago. Atzo mutikoaren aitak agertu zuenez, zezenak ez ezik jendeak ere zanpatu zuen semea: "aulkiaren kontra zapaldu zuten".
Erietxean segitzen duen beste bat 47 urteko J.M.U.A. gizonezkoa da, Oiartzungoa (Gipuzkoa); bizkarrean adarra sartu zion zezenak. Ebakuntza egin, eta hobera egin du. Erietxean jarraitzen duen hirugarren laguna Tafalla bertako N.R.U. 23 urteko neska gaztea da: orno bat zapalduta du, egonkor dago eta hobera egiten ari da.
Atzo arratsaldean izu eta larritasun handiko uneak bizi izan ziren Tafallak zezen-plazan. EITBk antolatutako errekortari lehiaketa ari ziren jokatzen. 500 kiloko Quesero zezena zegoen plazan, Makua ganadutegikoa, jada nekatuta eta adar bat hondatu samar zuela. Pare bat aldiz egin zuen hesia gainditu eta ihes egiteko imintzioa. Zezen-plaza beteta zegoen, eta jendeak zezenaren egoera ikusita, jada eskatua zuen erretiratzeko. Antolatzaileen iturrien arabera, joaldunak irtetzear ziren Quesero plazatik ateratzeko, baina une horretantxe lortu zuen jauzi batez harmailetara iristea, jendetzaren erdi-erdira.
Beldurrez erreakzionatu zuen jendeak, eta izuak hartu zuen zezena ere. Eskuin-ezker adarkadak ematen hasi zen, batera eta bestera noraezean mugitzen, eta jendea ahal bezala alde egiten. Ahalegin horretan metro askotako altueratik salto egin zuenik ere izan zen. Guztira 42 lagun artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek: gehienak ihesean hartutako kolpe arinekin eta larriak sortutako antsietate krisiekin. Baina esan bezala, bi lagun larriago daude.
Zezenari dagokionez, Tafalla bertako toreatzaile ohi batek, errekortariek, artzainek eta zenbait herritarrek lortu zuten kontrolatzea, eta bazter batean gordetzea. Han bertan hil zuten, sastakaiaz.
Gizartea
Tafallako zezen-plazan zauritutako 42 lagunetatik hiruk erietxean jarraitzen dute
Nafarroako Ospitaletegian zainketa berezien unitatean dago 10 urteko mutiko bat, zezenak eta jendeak azpian harrapatuta, larri. 47 urteko gizonezko batek adarkada du bizkarrean, eta 23 urteko neska batek orno bat zapalduta. Atzo arratsaldean, errekortarien lehiaketan, harmailetara jauzi egin zuen zezen batek eta larritasun eta izu handia eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu