TALDE ANTOLATZAILEA

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Donostiako nazioarteko goi bileran aurkeztuko duten protokoloa osatzeko talde antolatzaile batek lan egingo du. Horretan, giza eskubideen, hizkuntza eskubideen, hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen alde ari diren erakunde eta nazioarteko sareek parte hartuko dute. Ondokoak:

UNPO. Ordezkatu Gabeko Nazioen eta Herritarren Erakundea da. Herri indigenetako, gutxiengoetako eta lurralde aitortzarik gabeko edo lurralde okupatuetako taldeek osatzen dute. Haien helburua kultur eskubideak eta ingurumena babestea da, eta gatazkak irtenbide baketsuen bidez konpontzea. UNPOko kideen helburuak ez dira beti berak, baina baldintza batek batzen ditu: nazioarteko foroetan ez daude modu egoki batean ordezkatuta. Haren egoitza Bruselan dago, eta lan handia egiten du Europan, aholku emaile moduan.

Linguapax. Munduko hizkuntza aniztasuna balioztatzeko eta babesteko gobernuz kanpoko erakundea da. Unescok sortu zuen , baina orain erakunde independentea da. Linguapaxen arabera, hizkuntzek gizateriaren kultur aniztasunaren aberastasuna adierazten dute, eta, beraz, horien babesa bakearen eta nazioarteko elkar ulertzearen aldeko oinarrizko ekarpena da. Ikerketa soziolinguistikoak koordinatu eta gizarteratzeaz gain, hizkuntza aniztasuna babesteko prozesu ideologiko, legegile eta politikoetan aholkuak ematen ditu, mundu osoan.

Nazioarteko PEN Kluba. Mundu zabaleko idazleen elkartea da, eta haien arteko adiskidetasuna eta lankidetza sustatzea du helburu. Aldi berean, adierazpen askatasunaren alde borrokatzen da. Hizkuntza gutxituetan landutako literatura itzultzeko baliabideak eskaintzeaz gain, hizkuntza txikien arteko itzulpenak ere sustatzen ditu. Estaturik gabeko hizkuntzen babesean aritzen da, eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sustatu zuen Bartzelonan.

Europako BerdintasunarenAldeko Sarea (ELEN). Europako gobernuz kanpoko gizarte eragileen bilgunea da. Hizkuntza gutxituen eta hizkuntza eskubideak sustatzearen, babestearen eta biziberritzearen alde lan egiten du. Europako 21 estatutako 42 hizkuntza komunitate ordezkatzen ditu. Aholku emailea da NBEn.

Ciemen. Gizarte zibil katalanaren erakundea da, eta haren funtzioa da Kataluniaren errealitate nazionala ezagutaraztea, baita estaturik gabeko nazioen ezagutza hedatzeko eta euren eskubideak defendatzeko lan egitea ere. Hizkuntza eskubideen defentsan eta hizkuntzaren erabilera sozialaren alde hainbat jarduera egin ditu. Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren idazkaritza teknikoaren ardura izan zuen.

Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroa (ECMI). Ikerketak zuzentzen ditu, informazioa eta dokumentazioa ahalbidetuz, gehiengo eta gutxiengoen inguruko gaietan. Europako gobernuak eta gobernu arteko erakundeak aholkatzen ditu, eta baita gutxiengoetako erakundeak ere. Erakunde independentea da, diziplina anitzekoa. Harreman aktiboa du gatazken konponbidean eta etnien arteko harremanetan inplikatuak dauden GKE eta instituzio akademikoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.