Ertzaintzaren ordezkari batek adierazi du 17 urteko neska bati Gasteizen egindako talde bortxaketa bat ikertzen ari dela Adingabeen Fiskaltza. Ikerketa «aspaldi» abiatu zutela esan du, adingabe batek sexu eraso bat salatu ondotik.
Gertatutakoaren gaineko xehetasun gehiago argitaratu ditu El Correo egunkariak. Azaldu dute sexu erasoa duela hilabete gertatu zela eta zazpi adingabe daudela erasoarekin lotuta. Horietako bost ikertzen ari dira, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita. Beste biak ezin dituzte auzipetu, 14 urte baino gutxiago dituztelako.
Adingabeen zentro batera eraman dute gutxienez ikertutako bat; beste lauri urruntze agindua ezarri diete, eta debekatu egin diete biktimarekin harremanetan jartzea. Akusatuek adierazi dute baimendutako sexu harremanak izan zituztela.