Amaiurrek zazpi diputatu eskuratu dituenez, ziurtzat jo da Kongresuan talde propioa izango duela, horretarako beharrezko diren bost ordezkariak aise gainditu baititu. Baina kontua ez dago horren garbi, eta, Kongresuko Mahaiak erabakiko du Amaiurri talde propioa izateko aukera ematen dion edo ez. Izan ere, talde propioa automatikoki izateko 15 diputatu eskuratu behar direla jasotzen du Kongresuko araudiak.
Gaur ezker abertzaleak esan du Amaiurrek taldea izan beharko lukeela, "baina hori izan gabe ere lan bera egingo du".
Bost diputatu dituzten taldeei ere talde propioa izateko aukera ematen die Kongresuak, baina baldintza batzuk jartzen dizkie horretarako: taldeak hautagaitzak izan dituen lurraldeetan gutxienez boto-emaileen %15en babesa jasotzea edo, bestela, estatu osoan emandako boto guztien %5 behintzat eskuratzea.
Amaiurrek erraz gainditu ditu botoen %15 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: botoen %19,11 jaso ditu Araban, %19,21 Bizkaian eta %34,80 Gipuzkoan. Lurralde horietan ez du inolako arazorik, beraz.
Nafarroan sortu zaio arazoa: boto-emaileen %14,86ren babesa jaso du; araudiak eskatutako %15etik oso-oso gertu, 0,14 puntura, geratu da koalizioa.
Guztira, 333.628 herritarren botoak jaso ditu aurkeztu den lurraldean: Hego Euskal Herrian. Baina estatuko boto-emaile guztien %1,37 da hori, araudiak eskatzen dituen %5etik urruti. Horiek hala, Kongresuko Mahaiak erabakiko du Amaiurri talde propioa eman edo ez.
2004an ERC antzeko kasuan izan zen, eta Kongresuak taldea izatea ahalbidetu zion. UPD ere orain egoera berdintsuan da.