Taldea lortzen ez badu, auzitara joko du Amaiurrek

Beste legealdi batzuetan beste alderdiek IUri lagundu dioten bezala, Amaiurri laguntzeko prest azaldu da Lara

Koldo Amezketa, Miren Aranoa eta Maiorga Ramirez, atzo. I. ZABALETA / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hurrengo astean osatuko da Espainiako Kongresuko Mahaia eta, gehiengo absolutua izaki, PPk erabakiko du Amaiurrek parlamentu taldea izango duen ala ez. Horri buruz galdetuta, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Radio Euskadiri adierazi dio ez badiete taldea osatzen uztenauzitara joko dutela. «Ematen du Kongresuko Mahaiaren borondate politikoaren araberakoa dela erabakia, eta ematen du ez duela borondate handirik, nahiz eta oso zaila duen azaltzea zergatik zazpi diputaturekin talde propiorik ezin den eduki».

Beste alderdiek ere zeresana izan dezakete. Adibidez, IUk. Laguntzeko prest azaldu da. Atzo Cayo Lara IUko koordinatzaileak esan zuen «eskuzabaltasun falta» litzatekeela ez laguntzea. Larak gogorarazi du iraganean IUk beste alderdien laguntza jaso duela parlamentu taldea izateko baldintzak betetzeko orduan. «Horregatik, geurekoiak ginateke baldintza beretan direnei laguntza emango ez bagenie», azaldu du. «Beharbada, jendeak ez du gustuko izango, baina ezin ditugu neurgailu desberdinak izan. Gurekin neurgailu hori erabili bazuten, besteekin ere balio behar lukete», gaineratu du Larak.

Bestalde, Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, Koldo Amezketa EAko presidente ohiak azaldu zuen «mendekuz» jokatuko lukeela PPk Amaiurrek taldea ez izatea erabakiko balu. «PPren borondatearen araberakoa da erabakia, mahaian gehiengoa edukiko duelako, eta araudia erabiltzen duenaren arabera, arau batek gauza baterako eta kontrako balio duelako», arrazoitu zuen.

Agerraldi horretan bertan, Miren Aranoa EAko Nafarroako Lurralde batzordeko eledunak eskatu du «alderdi espainiarrek» iraganean ezarri dituzten salbuespenezko neurrietan atzera egitea. Era berean, Nafarroan normaltasuna lortzeko oinarrizko hiru esparruetan lan egiteko beharra aipatu du: politikan, gizarteaan eta hizkuntzan. «Eskuinari amaitu zaio ETAren indarkeriaren aitzakia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.