Osoko bilkuraren lehen txandan hizketarako aukera EAJri eman diote, zentsura mozioa defendatzeko. Presidentetzak erabaki du EAJ, PSE eta PPren artetik batek edukiko duela mozioa babesteko dituen arrazoiak azaltzeko aukera. Sozialistek helegitea jarri dute erabaki horren aurka, eta baina mahaiak ez du onartu. EAJko kide Xabier Ezeizabarrenak hartu du hitza; 90 minutu zituen baina bi soilik erabili ditu: Lohitzune Txarolaren erabakia salatu du, eta iragarri du talde bakoitzari dagokion txanda baliatuko dutela mozioaren arrazoiak emateko.
Juan Carlos Alduntzinen hitzaldiaren ostean, taldeetako ordezkariak ari dira hizketan.
Aralar alderdiko taldearen izenean, Rebeka Uberak hitz egin du. Akordioaren alde aritu da: "Adostasun zabala bilatzea da irtenbidea, ez dago besterik". Dei egin die, beraz, hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten erakundeei "espazio bat" bila dezaten ados jartzeko. Oposizioaren jarduna kritikatu du, eta diputazioak aurkeztutako ekimena goratu.
PPren aldetik, Juan Carlos Cano mintzatu da. Argi utzi du PPren asmoa ez dela Alduntzinen aurka egitea soilik. Bilduren aurkako ekimena dela azaldu du, eta zentsura mozio gehiagoren alde dagoela berretsi du, adostasuna eskatuz PSEri eta EAJri: ”Oso eroso dago Garitano jauna hor eserita. Ezin dugu onartu gu eskuak gurutzatuta egotea". Garitanori berari zuzendu zaio: "Hau lehen pausoa da, Garitano jauna. Hurrengo pausoa, horrela jarraitzekotan, zure aurkako zentsura mozioa izango da”.
PSE-EEren bozeramaile Mikel Duran aritu da. Diputazioak hondakinen kudeaketan proposatutako aldaketek "kontrolik eta segurtasunik eza" eragin dute, haren hitzetan. Atez atekoaren "inposaketa" salatu du. "Eskumenak eta funtzioak errespetatu ezean, Batzar Nagusiak ezin dira geratu eskuak gurutzatuta". PPk egin bezala, oharra egin dio Garitano ahaldun nagusiari: ”Adi egon diputatu jauna, eta gogoan hartu gaur Batzar Nagusiek bozkatuko dutena. Zure gobernuak ezin du jarraitu Batzar Nagusi hauek mespretxatzen orain arte egin duen bezala. Honaino heldu gara”.
Xabier Ezeizabarrenak hitz egin du EAJren izenean. Diputazioaren plan berria gutxietsi egin du, eta herritarrei "arazoak" sortzea egotzi dio Alduntzini. Zero Zabor politikaren kontra ere egin du: ”Ameskeriatan ari zarete: zero zabor lelo bat besterik ez da. Ezinezkoa da. Hondakinak ez dira desagertzen". PPk eta PSEk adierazi dute aldundi osoa kentzeko nahia; EAJk ez du babestu. Nabarmendu du ez duela "frenterik" osatuko Bilduren aurka.
Bilduren taldetik, Mikel Biain Oñatiko alkatea aritu da. Zaborrak gaika biltzearen garrantzia nabarmendu du, eta atez ateko sistema defendatu du, gogoraraziz hauteskunde kanpainan horren alde egin zutela. ”Zer du txarra horrek batzuk hain urduri jartzeko? Errauste planta hori lehen zaila zen justifikatzen, eta orain, ezinezkoa". Oposizioko taldeek etengabe errepikatu dute Europako herrialdeetan errauste plantak badauzkatela. "Baina egia da zaborra inportatu beste biderik ez dutela aurrera egiteko", ohartarazi du Bilduko ordezkariak. Berretsi du Bilduren esku dauden udalek ez dutela "euro bakar bat ere" jarriko errauste planta pagatzeko. "Bilduren aurkako aliantza" osatzea egotzi die EAJri, PSEri eta PPri.