Grunenthal botika enpresak onartu du talidomida ez zela egokia haurdun zeuden emakumeentzat, baina kasua preskribatu egin dutela. Enpresaren jarrera salatu dute kaltetuek. "Defendatzeko argudiorik ez duenak legeak dituen zirrikituak erabiltzen ditu ahalik eta zigor txikiena jasotzeko. Horixe egin du Grunenthalenlege ordezkariak", salatu du Avite Talidomidaren Biktimen Espainiako elkarteko presidenteordeak, Rafael Basterretxeak. "Behingoz justizia egiteko" eskatu du. Gaur egin da epaiketa, eta epai zain geratu da.
Alergien kontrako tratamendu bat izan behar zuen talidomidak. Baina ez zen ondo atera. Botikak eragin hiponetikoa zuela kontuan hartuta, beste osasun arazo batzuk konpontzeko erabili zuten, tartean haurdunen hasierako goragaleak kentzeko agintzen zuten medikuek.1955 urtean hasi zen merkaturatzen botika, Alemanian. 1959an, ordea, Alemaniako mediku batek albo ondorioez ohartarazi zuen, eta malformazioak eragin zitzakeela umeen gorputz adar eta beste organo batzuetan. 1961 arte, ordea, ez ziren erretiratzen hasi. Artean 46 herrialdetan egon zen salgai. Espainiako Gobernuak 1962 urte arte ez zuen erretiratzeko agindua eman.
Atzoko epaiketan Grunenthal enpresako lege ordezkari Guillermo Castillok defendatu du garai hartan botikaren inguruan zegoen ezagutzaren arabera jardun zuela enpresak. «Ahal zuen guztia egin zuen medikuei informazioa emateko. Gainera, malformazio guztiek ez dute zertan talidomidaren ondorio izan behar».Castilloren jokabidea salatu du Basterretxeak. «Nola da posible halako komentarioak egitea?». Ziur da justiziak arrazoia emango diela. «Hala, nahikoa izango da mediku txostena aurkeztea kalte-ordainak jasotzeko».