Arrazoiak aspaldi daude emanak, luze eta zabal azalduak. Norbaitek gogoratu nahiko balitu, aski du, esaterako, TAV: las razones del no liburura jotzea. Baina, inoiz eztabaida sozialari ekin baino lehen, aspaldi esan zuten erakundeetan eztabaidaren aroa amaitu zela, orain eraiki egin behar zela. Eta horretan ari dira, han eta hemen lurra gorritzen, zulatzen, dinamitatzen, harri eta porlan tonak batetik bestera garraiatzen, hondakindegiak betetzen. Kapitalismoaren logika desarrollistari egozten genion lehen txikiziorako joera hori; orain, berriz, logika horren ustela agerian geratu delarik ere, kosta ahala kosta eutsi nahi diote eraikuntza faraoniko horri, eta giza ergelkeriaren inertziari leporatu behar errua.
Agintari egoskorrak pozarren zeuden, gainera, beste obra batzuetan armekin sartu direnak AHTaren aurka egoskortuko ez omen direlako. Zorionez, diot nik ere. Alea jacta est esan zitekeen, ez dago zereginik, goazen etxera geure zauriak miaztera, geure gin-tonikak edatera. Ergelkeria bezain gizatiarra den faktore bat ahaztu dute ordea: errebeldia, zuzentzat jotako helburu baten aldeko erresistentzia, norberaren sakrifizioraino irits daitekeena.
Horixe pentsatu dut uztailaren 2ko egunkari honetako azala ikusiz: gizonezko bat Itsasondoko meazulo batean sarturik eta porlanezko bidoi bati loturik. AHT igaro beharreko ingurunea da hori, dakiten batzuek diotenez arrisku larria duena dena bertan behera erortzeko, lehendik ere guztiz zulaturik dagoelako; arriskua bai lanak egin bitartean, bai amaitu eta gero ere, tren laster hori bertatik pasatuz gero. Arrisku larriena, baina, lanak geldiarazteko asmoz bertan sartu diren lau lagunek dute, noski: leherketak behintzat eteteko eskatu die AHTaren kontrako mugimenduak obrak egiten dihardutenei, Barne Sailari, Euskal Trenbideen Sareari eta epaileari. Lerrook idatzi bitartean, jaramonik ez horiek denek, leherketekin jarraitzen dute, eta ezer gertatuz gero sartu direnen erantzukizuna dela erantzun omen dute. Bikaina haien logika eta gizatasuna.
Gizonezko bat aipatu dut lehen, argazkian ageri dena. Hainbat eta hainbatek ezagutu ere egingo zuen: Mikel A., azpiegitura erraldoien kontrako ekintzaile nekagaitza, borrokan urteak daramatzana, hitzaren eta ekintza baketsuen bitartez betiere, etengabe lehen lerroan ibiliagatik protagonismoari, argazkietan ateratzeari, elkarrizketak emateari ihes egiten diona. Eta hala ere, pauso hori norbaitek eman behar-eta, meatze barnean sartu dena, arriskuak arrisku. Camusek proposaturiko matxinoaren ezpalekoa, desobedientzia zibilaren Thoreau berraragitu bat.
Giza gorputza gauza ahula da. Aski da ohol bat hura mailatzeko, ziri bat zulatzeko, bala bat akabatzeko. Zer egingo dute lau giza gorputz ziztrinek zinpeko guardien, ertzain armatuen, obretako lehergailuen aurrean? Gure gorputzak, baina, espiritua ere badu, edo burmuina, edo bihotza, edo nahi duzuen bezala deitu: pentsatzeko eta sentitzeko gaitasuna, injustiziaren eta burugabekerien aurrean altxatzeko ahala, EZ oihukatzeko boterea.
Lau zoro besterik ez dira-eta, esango du azkar ustekoren batek. Baliteke. Bat egin arren, beste asko ez ginateke ausartuko pauso hori ematera. Gehienok ditugu geure hipotekak eta morrontzak. Baina gehiengoaren aurretik doaz beti zoroak, profetak, martiriak, gudari erromantikoak. Halaz guztiz, edo horrexegatik, geure esku dago Itsasondoko lau ekintzaileen osasun eta osotasuna zaintzea, eta gu denon esku egon beharko luke, halaber, Euskal Herrian naturari inoiz egin zaion erasorik bortitz eta basatiena geldiaraztea.
Irudi zaharrak datozkit gogora: Pragako ikasle bakarti eta heroiko hura, Txekoslovakia inbaditzera sarturiko tanke sobietiko baten aurrean, 1968an; edo Tiananmen plazako gazte txinatarra, bere herrialdeko tankeen aurrean paratu zena, hura ere. Tankeak erraza du giza gorputza zanpatzen. Izango ez du ba. Halaxe egin ohi du gehienetan, tankeak ez baitaki besterik egiten. Abiadura Handiko Trena ere tanke baten gisa irudikatzen dut, hankapean harrapaturiko oro suntsitzen duena, baita naturaren aldeko lau borrokalari baketsu badira ere. Ez ahal du lortuko.
Tanke batek harrapatuko al du nire laguna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu