'PAROT DOKTRINA'

Tantaz tanta, presoen eskubideen aldeko itsasoa osatzera deitu dute

Datorren urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Herrira-k; aurtengoa, ordea, ez da ohiko manifestazioa izango: ez da pankartarik izango. "Gakoa gizartearen inplikazioa da", esan dute, eta dinamika herritar gero eta handiagoa osatzera deitu dute, "Tantaz tanta, itsasoa" lelopean.

Anaitasunako harmailak, beteta. @JPERMACH
Berria.info
2013ko irailaren 14a
20:03
Entzun

Presoen eskubideak errespetaraziko dituen uholdea sortu nahi du Herrira mugimenduak, norbanako bakoitzaren ekarpena nabarmenduz. "Tantaz tanta, gainezka egingo du edalontziak". Bilboko urteroko zita berezia izango dela iragarri dute Anaitasunan egindako ekitaldian. Bidean, baina, izango da beste zitarik ere: abenduaren 7an Olatu Erraldoia osatuko dute Durangon (Bizkaia), eta abenduaren 10ean jardunaldiak egingo dituzte Iruñean.

Uda osoan 80 herri ingurutik igaro ondoren, azken geltokia egin du 197/2006 doktrinaren aurkako Herritarron Epaia ekinaldi ibiltariak. Herriz herri jasotako ekarpena aurkezteaz gain, aurrera begirakoaz ere aritu dira, eta parte hartze zabala izan da bertan.

Eragile politiko eta sozial ugarik agertu dio bere babesa Herrira-ren dinamikari, eta Anaitasunan bildu dira gaur horietako gehienak. Besteak beste, EA, Sortu, Ezker Batua-Berdeak, Aralar, Alternatiba eta Eusko Ekintza alderdiek, ELA, LAB, EILAS, ESK, Hiru, EHNE eta CGT-Nafarroa sindikatuek eta Bilgune Feminista, Salhaketa, ESAIT, Ahaztuak, EHE eta Herria 2000 Eliza eta halako eragileek adierazi diote babesa ekitaldiari.

Oholtza gainean izan dira, besteak beste, Javier Madrazo, Angeles Iztueta, Jose Navas, Tasio Erkizia, Bakartxo Ruiz, Martxel Toledo, Ainhoa Etxaide eta Juan Ibarrondo, John Lennonen Give peace a chance abestiaren bertsioa abesten. Carlos Olalla aktore madrildarrak eta Maite Bidarte kazetariak aurkeztu dute ekitaldia, Miren Amuriza bertsolariaren eta Gotzon Sanchez aktorearen laguntzaz. Babes mezuak adierazi ditu, besteak beste, Pablo Iglesias politika zientzietako irakasle espainiarrak ere. Eurodiputatu zenbaitek ere helarazi dute euren mezua Anaitasunara.

Olallak nabarmendu duenez, Euskal Herriaren aurkako "salbuespen neurriak" Espainiako Estatuan ezartzen dira orain.  Halaber, esan du elite politikoari ez diola irtenbideak axola, "baina beste zati bat dago, gizarte zibila, arrazoia dugunona".

Eserleku hutsak jarri dituzte Anaitasunaren erdian, euskal preso guztiak irudikatzeko.

Iruñekoaz gain, ekitaldi gehiago ere izango dira asteburuan euskal presoen eskubideen alde, Herrira-k jakinarazi duenez. Besteak beste, manifestazioa egin zuten atzo Santutxun (Bilbo), eta elkartasun egunak egingo dituzte gaur Arrasaten (Gipuzkoa) eta Egian (Donostia), 12:30etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.