Tartak banatu ditu Prestaturik elkarteak, immigrazioa «gozotzeko»

«Etorkinen inguruko zurrumurruen aurkako» martxa batera deitu dute iganderako hainbat eragilek

Erredakzioa
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Atzerriko profesionalak batzen dituen Arabako Prestaturik elkarteak tartak banatu zituen atzo, 17:30etik 19:30era bitartean, Gasteizen. Horrela ospatu zuen Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Posta kalean stand bat jarri zuen elkarteak, eta bertara joan ziren herritarrei tarta zati bat eman zieten. Trukean, etorkinen egoeraren berri eman zien elkarteak.

Prestaturik-en arabera, immigrazioaren alde garratza goxotu nahi izan zuten egitasmo horren bitartez. Izan ere, elkarteak nabaritu du herritarren artean gora egin duela etorkinen aurkako iritziak. Green Capital izendatu baino lehenagotik Gasteiz kultur anitzeko hiria dela adierazi zuen elkarteak, eta, beraz, hirian dauden arraza, genero eta kultura guztien arteko elkarbizitzaren alde egin du.

Ekitaldi ugari aste osoan

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi gehiago ere izango dira aste honetan. Igandean, esate baterako, Zurrumurruek baztertzen dutelako lelopean, XV. Antizurrumurru martxa egingo dute Pasaiako Trintxerpe (Gipuzkoa) eta Donostiako Bulebarraren artean. Martxa 11:30ean hasiko da, eta ekitaldiari atxikimendua eman diotenen artean daude ELA eta LAB sindikatuak, Mundubat gobernuz kanpoko erakundea eta Arrats, EHGAM eta SOS Arrazakeria elkarteak, besteak beste. Hain justu, SOS Arrazakeria taldeak manifestazio bat iragarri du biharko Bilbon. Kriminalizazioari ez, gure auzoak mugarik gabe izango du leloa mobilizazioak; 19:00etan abiatuko da, Arriagatik, eta parte hartzeko gonbita egin die herritarrei.

Bestalde, Euskal Herriak berezko immigrazio politikak erabakitzearen aldeko adierazpenak egin zituzten herenegun Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren arabera, onartezina da Hendaiako herritar bat atzerritar izatea Donostian. Okzitaniako Tolosako gertakariak gaitzetsi zituen Izagirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.