Abiadura handiko trenaren aurkako mugimendua ez da gelditu. Mugitu!-ko kideek desobedientzia zibilera deitu dituzte herritarrak, Okzitaniako Tolosan Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak hiru tartakada jaso zituenetik urte bat betetzen denean. 2011. urteko urriaren 27an egin zuten ekintza hori, eta haren harira, lau pertsona daude auzipetuta. Lau eta bederatzi urte arteko zigorra jaso dezakete. Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa egiteko data noiz zehaztu zain dira. Haietako hiru, Ibon Garcia, Julio Villanueva eta Gorka Ovejero, jendaurrean agertu dira Iruñean. AHTaren aurkako baraualdiak eginen dituzte azaroan, eta elkartasunera deitzeko kanpaina baten hasiera iragarri dute, abiadura handiko trenaren aurkako mezua mundu osora zabaltzeko.
Horretarako, txostena egin dute, iazko Tolosako ekintzaren ingurukoen berri mateko, bai eta mundu zabalean egin diren gisako ekintzen berri jasotzeko ere. "Inon ez da gertatu hemen gertatu dena, lau eta bederatzi urte bitarteko zigorra eskatzea tarta bat botatzeagatik", salatu du Julio Villanuevak. AHTa egiteko lanen aurka egin du, eta egungo krisi ekonomikoak proiektua kolokan jarri duela gaineratu du. "2006an obrak hasi zirenetik, hamalau kilometro egin dituzte. Euskal Y-a Nafarroarekin eta Europarekin lotzeko azpiegiturak airean dira". Dirua xahutzeari eta ingurumena hondatzeari uzteko eskatu diete Mugitu!-ko kideek proiektuaren bultzatzaileei.
Txostenarekin batera, azaroan baraualdia eginen dute Mugitu!-ko kideek, abiadura handiko trenaren aurka. Hiru astez eginen dute, txandaka. Azaroaren 10ean hasiko da baraualdia, Bizkaian. Bigarren astean Gipuzkoan eginen dute, eta hirugarrenean, azaroaren 24tik abenduaren 1era, Nafarroan.