Errepideak. Tarteko radarra

Tarteko lehen radarra jarri dute, Gipuzkoako N-1ean

Ordizian eta Iruran kamera bana jarrita, autoen batez besteko abiadura kontrolatuko dute hemeretzi kilometroko eremu bateanEusko Jaurlaritza ekainean hasiko da tarteko radarrak salatutako ibilgailuei isuna jartzen

jon olano
Donostia
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Batez besteko abiadura neurtzen duen radarra ezarri du Eusko Jaurlaritzak Ordizia eta Irura (Gipuzkoa) artean, N-1 errepidean. Hemeretzi kilometroko errepide eremua kontrolatuko du Jaurlaritzak radar horren bitartez, eta, batez beste, autoek eta motorrek ezin izango dute orduko 100 kilometroko abiadura gainditu. Muga hori orduko 90 kilometrokoa izango da kamioientzat.

Atzo aurkeztu zuten radarra Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Amparo Lopez Antelok eta sail horretako ingeniari Iñaki Egiarak, Donostian eginiko agerraldian. Radarra atzotik da indarrean, baina Trafiko Zuzendaritza ekaineko lehen astetik aurrera hasiko da zehapenak jartzen. Bitartean, tarte horretan batez beste orduko 100 kilometroko abiadura gainditzen dutenek ez dute isunik jasoko, baina ezta oharrik ere. Abiadura neurtzearen helburua ez dela isunak jartzea ohartarazi du Lopez Antelok, «gidariak kontzientziatu eta zirkulazioa pausatzea» baizik.

N-1 errepideko Ordiziatik Irurarako bidea hautatu du Trafiko Zuzendaritzak radarra ezartzeko. Donostiako bidean doazen ibilgailuen abiadura kontrolatuko du soilik sistema berriak, eta, beraz, ez die Gasteizko bidean doazen autoei eragiten. Lopez Antelok azaldu duenez, zati horretan dabiltzan eguneko batez besteko ibilgailu kopurua, eta gehiegizko abiadurak sortutako istripu tasa kontuan izan dituzte, radarra tarte horretan jartzeko. Hala ere, aldatuz joango da radarraren kokapena; EAEko errepideetan, 26 puntu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak gehiegizko abiadurak eragindako ezbehar tasa handiarekin, eta bide horietara eramango du radarra Trafiko Zuzendaritzak.

Lopez Antelok ez du zehaztu 26 tarteak zein errepidetan eta zein herrialdetan dauden, baina Ordizia eta Irura artean jarritakoa ez dela finko bilakatuko argitu du. Tarte horretan jada radar finko bat dagoela eta, hura hor utziko dutela azaldu du, baina sistema berriak jasotako datuak lehenetsiko dituztela gaineratu du, gidariek ez ditzaten jaso bi isun tarte berean. Gainera, atzo ezarritakoa bi hilabetez probaldian izango dela ziurtatu du Lopez Antelok, eta, radarrak jasotzen dituen emaitzen arabera, ez du baztertu bigarren bat ere erosteko aukera.

Sistema berritzailea

Zirkulazioko heriotz istripuen arrazoi nagusia gehiegizko abiadura dela adierazi du Lopez Antelok, tarte horietan ibilgailuen abiadura kontrolatu behar dela arrazoitzeko. Horretarako, sistema berri bat ezarri dute. «Espainian lurrazalean, eta ez tunelean,bidegunean egiten den lehen abiadura kontrola da», ziurtatu du Lopez Antelok.

Iruran eta Ordizian kamera bana ezartzean datza sistema berria. Hemeretzi kilometroko tartea dago kamera baten eta bestearen artean. Ibilgailua lehen kameraren ondotik igarotzean, horrek matrikula irakurri eta ordua jasotzen du. Berdin gertatzen da autoa bigarren kameraren paretik igarotzen denean. Ondoren, bi datuak alderatu, hemeretzi kilometro egiteko erabili den denbora neurtu, eta batez besteko abiadura kalkulatzen da. Emaitza orduko 100 kilometrotik gorakoa bada —90, kamioientzat—, zehapena jarriko zaio gidariari.Horiek dira Irura eta Ordizia artean gidatzeko abiadura mugak. Egiarak azaldu duenez, radar finkoak ezarritako isunen kasuan, muga «oharkabean» gaindi daiteke. Sistema berriarekin, ordea, hori ezinezkoa dela nabarmendu du: «Abiadura muga ezin da oharkabean gainditu hemeretzi kilometroan; horretarako, muga gaindituz, denbora jakin batean eta une luzeago batean zirkulatu behar da».

Zehazki, Eroski parean dagoen panelean jarri dute kamera Ordizian, eta Angulas Aguinaga enpresaren ondoan, Iruran. Abiadura orduko 100 kilometrora mugatzeko eskatuz, informazio panelak jarriko dituzte kontrolatutako eremuan sartu baino kilometro bat lehenago. Eremuaren hasieran ere, argizko panel bat jarriko dute, eta hemeretzi kilometroetan, seinale finkoak ezarriko dituzte, abiadura mugatzeko oroitarazteko.

Tarteko radarrak ez die Gasteizko bidean doazen gidariei eragiten, baina ezta eremu osoa igarotzen ez duten gidariei ere. Izan ere, Irurako kameraren paretik igaro behar da ibilgailu bat, sistemak denbora eta abiadura neur ditzan. Beraz, sistemak ezingo du kalkulatu Itsasondon, Legorretan, Ikaztegietan, Alegian edo Tolosan (Gipuzkoa) N-1 errepidea uzten duten ibilgailuen batez besteko abiadura. Gainera, gidariek muga hori gaindi dezakete, eta ondoren Tolosako irteera baliatu, Irurako kamera saihesteko.

Egiarak ez du uste horrelakorik gertatuko denik. Batetik, radar finkoak martxan jarraituko duelako, eta, beraz, abiadura muga gainditzen duten gidariak salatzen jarraituko duelako. Bestetik, Tolosako irteera Irurako kamera saihesteko erabiltzea zentzugabekeria dela iritzi dio Egiarak: «Denbora gehiago galtzen da hori egiten, abiadura mugak errespetatzen baino».

Isunek ez dute gora egin

Espainiako Gobernuak orduko 110 kilometrora jaitsi du berriki autobide eta autobietako abiadura muga. Ordutik hona, isun kopuruak ez duela gora egin nabarmendu du Lopez Antelok. «Herritarrak muga berrira egokitu dira», ziurtatu du.

Neurri horrek ez duela dirua biltzea helburu adierazi du, eta atzo ezarritako sistemak ere ez duela jomuga hori gaineratu du. Hala, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriaren xede bakarra «gidariak kontzientziatzea» dela nabarmendu du. Dena den, EAEko gidarien jarrera ona defendatu du Lopez Antelok: «%80k arduraz gidatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.