Dignidad y Justicia erakundeak Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio eginbideak has ditzan Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen aurka, "terrorismoa goratu" duelakoan, herenegun Barakaldon hitzaldi batean hau esan zuelako: "Inoiz baino arrazoi gehiago dago borroka armaturako, baina inoiz baino baldintza objektibo eta subjektibo gutxiago". Gainera ohartarazi zuenez, borroka armatuak "ez du etorkizunik Estatua hankaz gora jartzeko gai ez bada, eta herriak edota ezker abertzaleak berak gehiago sufritzen badu etsaiak berak baino".
Daniel Portero erakunde horretako presidentearentzat Erkiziak esandakoak "terrorismoa goratzearen delitu dira, testuinguru orokorretik ateratako interpretazioa eginda ere, "ETAk bere jardun kriminalarekin jarraitzeko beharra adierazi baitzuen, bere esaldia ezin da ulertu ETAren ekintza terroristaren defentsaren testuinguruan ez bada".
Bere esaldiak, Porteroren arabera, "biktimekiko umilgarriak baino gehiago dira", ETAren ustezko goraipamena leku publiko batean egin zuelako, eta komunikabideek jaso zutelako. Hori dela-eta eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari ekinbideak hasi eta deklarazio judiziala har diezaion Erkiziari.
politika
Tasio Erkizia salatu du Dignidad y Justiciak, "terrorismoa goratzeagatik"
"Inoiz baino arrazoi gehiago dago borroka armaturako, baina inoiz baino baldintza objektibo eta subjektibo gutxiago", esan zuen herenegun ezker abertzaleko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu