Politika

Tasio Erkiziaren kontrako neurririk ez dute eskatu eta libre geratu da

2008an Arrigorriagan 'Argala'-ren omenaldian egindako adierazpenengatik Auzitegi Nazionalean izan da gaur ezker abertzaleko kidea. "Espainiako Estatuak iritzia emateko eskubidea bahituta" duela salatu du.

2010eko martxoaren 16a
16:38
Entzun
Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea libre atera da gaur Espainiako Auzitegi Nazionaletik, hemengo iturrien arabera inork ez duelako haren aurkako neurririk eskatu. 2008an Arrigorriagan (Bizkaia) Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagiaren aldeko omenaldian parte hartu eta "terrorismoa goratu" zuelakoan Erkiziaren kontrako salaketa sartu zuen Dignidad y Justicia elkarteak, eta ezker abertzaleko kidea Baltasar Garzon epailearen aurrean izan da gaur goizean. Hogei minutuz egon da eta ez du elkartearen galderarik erantzun.

Garzoni esan dio Arrigorriagako hura "ekitaldi politikoa" izan zela, eta salatu du "Espainiako Estatuak iritzia emateko eskubidea bahituta" daukala.

Erkiziak atzo zioen Batallon Vasco Español taldeak erail zuela Argala eta "biktimei dagokienez maila ezberdinak" daudela. Erkiziaren ustez, "[Espainiako] Estatuak eraildako biktima bat izan zen, eta badirudi biktima mota horri buruzko hausnarketa politikoak egitea debekatuta dagoela".

Espainiako Gobernuari euskal gatazka konpontzeko elkarrizketaren bideari heltzeko eskatu dio gaur, eta ezker abertzaleak horren aldeko apustua egina duela berretsi du. Halaber, Estatuaren errepresioa antzua dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.