Tatiele de Sousa Neresek 20 urte zituen. Tiago Rosa da Silvak, 23. Prostituzio etxe batean lan egiten zuten biek, eta bikote ziren. Iruñean bizi ziren, Arrosadia auzoko Gelbentzu kalean. Brasildarrak ziren jatorriz. 2008ko urtarrilaren 18an, goizaldeko 04:20 aldera, haien bizilagun batek Poliziari deitu zion, iskanbila handia zegoela abisatuz.
Ikusi gehiago
Poliziek De Sousaren gorpua aurkitu zuten etxean, lurrean botata. Sei labankada eman zizkion Da Silvak. Gizonak bere burua leihotik bota zuen, eta patioan aurkitu zuten, zaurituta, baina ez hilik. Bere buruari labankada pare bat ere eman zizkion.
Zaurituta baina atxilotuta eraman zuten erietxera. Epailearen aurrera eraman zutenean, aitortu zuen berak hil zuela emakumea, eta kartzelatu egin zuten. Sei hilabete egin zituen espetxean, eta ez zen epaiketara ailegatu: urte hartako ekainean bere buruaz beste egin zuen gizonak, kartzelan bertan.
De Sousaren adiskide batzuk hedabideei azaldu zieten emakumeak tratu txarrak jasotzen zituela, baina ez zela ausartzen salatzera eta egoera moztera, paperik gabe zegoelako, eta beldurra zuelako.