Kale erasoak

Telefonicaren zortzi auto erre dituzte Errenterian

Iruñean 'molotov koktelak' bota dituzte NA egiteko egoitzaren kontra. Ez dute su hartu.

2007ko ekainaren 13a
12:16
Entzun
Ezezagun batzuek Telefonicaren kontrako erasoa egin dute Errenterian (Gipuzkoa), eta haren zortzi auto erre dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Gernika Plazan izan da erasoa, garaje batean.

Atzo gaueko 23:30ean izan zen ekintza eta, Telefonicaren auto horiek kiskaltzeaz gain, enpresa bereko beste bik kalteak izan dituzte. Pertsona pribatuen ibilgailuek ez dute kalterik izan, iturri beraien arabera.

Su-hiltzaileek ordubetera lortu zuten sua kontrolatzea. Ertzaintzak egindako lehen ikerketen arabera, nahita eraginda sutea izan zen.

Errenteriko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak gaur goizean batzarra egin du gai hori aztertzeko eta, haien ustez, "herriaren eta askatasunaren kontrako erasoa" izan da. "Egileek gizartearen gehiengoaren borondatearen aurkako mesprezua agertu dute".

Iruñean, berriz, Espainiako Nortasun Agiria egiteko egoitzaren kontra egin dute bart ezezagun batzuek, Francisco Bergamin karrikan, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak esan duenez. Bi molotov koktel bota dituzte goizeko ordubatak aldera. Ez dute su hartu eta, beraz, ez da kalterik izan.

Gobernuaren Ordezkaritzak erasoa salatu egin du, "eta gizartea beldurtzeko alferrikakoak" direla adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.