Batak besoan, eta besteak hankan, Kukutza gaztetxekoen abokatu Iñaki Carroren telefono zenbakia idatzita zuten bi akusatuek, atzeman zituztenean. Berez eskubidea dena, haien aurkako froga gisa erabili zuten atxilotu ostean, gazteok behin-behinean espetxeratzeko —hamar egun eman zituzten kartzelan—, eta fiskalak bide beretik jo zuen atzo, zigorra eskatzean, telefonoa idatzita edukitzea susmagarria delakoan. «Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren urraketa argia iruditzen zaigu hori», adierazi du Temba Hoch abokatu alemaniarrak.
«Ezin da errudun direlako adierazletzat hartu; horrek esan nahiko luke bezeroek abokatuari deitze soilarekin erruduntasuna adieraziko luketela», erantsi du Katharina Gammek. Alemaniako Abokatu Errepublikanoen Elkarteak epaiketara bidalitako ordezkaritza osatu dute Hochek eta Gammek. Haien hitzetan, Alemanian «oso ohikoa» da besoan abokatuaren telefono zenbakia idaztea, «manifestazioetan, adibidez, legez kanpoko atxiloketa asko daudelako».
Horren harira, kexa aurkeztua du Iñaki Carrok Bizkaiko Abokatuen Elkargoan, baita babesa jaso ere. Bi gazteen abokatuak «harridura» agertu zuen epaiketan, eta, telefono zenbakiaren auziarekin lotuta, bestelako urraketak egon zirela jakinarazi zuen: «Alemaniarrak izanda, ez zuten euren eskubideen irakurketa ulertu, baina ez zen itzultzailerik eskatu; eta abokatu baten telefonoa edukita ere, ofiziozko bati deitu zioten».
Telefonoagatik susmagarri
Alemaniako Abokatu Errepublikanoen Elkartea kexu da, bi akusatuek abokatu baten telefono zenbakia idatzita eduki izana euren aurka erabili duelako fiskalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu