'De Miguel auzia'

Telleriak dio ' De Miguel auzia' asmakeria hutsa dela

EAJko Araba Buru Batzarko kide Aitor Telleriak deklaratu du epailearen aurrean. Ez ditu fiskalaren galderak erantzun, eta esan du dagoen "zor" bakarra Kataia enpresaren 30.000 euro direla.

Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano epaiketan. DAVID AGUILAR / EFE
Maider Galardi
2018ko urriaren 17a
07:29
Entzun

Astelehenean hasi ziren De Miguel auziko auziperatuak deklaratzen, fiskalarekin negoziatzeko epaiketa hilabetez eten ostean. Fiskalak esan du auzipetutako "gehienekin" lortu duela akordioa, baina, oraingoz inputatu nagusiek ukatu egin dituzte egozten zaizkien delitu guztiak. Alfredo De Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohiak eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohiak ukatu egin ziuten bere aurkako akusazioak, eta, gaur, gauza bera egin du Aitor Telleria auziko bigarren inputatuak.

Fiskalak 32 urteko espetxe zigorra eskatu du Telleriarentzat, baina hark ukatu egin ditu egozten zaizkion delitu guztiak. Kataia enpresaren bidez ustelkeria egitea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diote, besteak beste. Telleriak, ordea, esan du "asmakeria hutsa" dela De Miguel auzia, eta "egiazko zifra" Kataia enpresak duen 30.000 euroko zorra dela.

Aitortu du, halaber, bera izan zela, De Miguelekin eta Koldo Otxandiano EAJko kidearekin batera Kataia Consulting enpresaren sortzailea. Gainera, esan du bere emazte eta inputatu Araceli Bajo enpresako administrazio taldean jarri zuela "langabeziaren dirulaguntza jasotzen segitzeko". Auzian inputatutako Loizate taldea ezagutzen zuela aitortu du, baita Urbanorma tadea ere. Azaldu dunez, enpresa horretako arduradun Ainhoa Alberdi zen 30.000 euroko zorraz arduratuko zena.

Hain justu, Alberdi izan zen fiskalaren aurrean ustelkeria salatu zuena, eta, hala hasi zen auziaren judizializazioa. Gainontzean, Telleriak ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta esan du ez dituela gainontzeko inputatua ezagutu "auzia hasi arte". Gaineratu du ez duela "behin ere jaso komisiorik".

Otxandianok ere deklaratu du atzo epailearen aurrean. Berak ere, aurreko bi inputatuen modura, ukatu egin ditu akusazio guztiak, nahiz eta 32 urteko espetxe zigorrari aurre egiteko arriskua duen. Are, esan du  ez dagoela «dokumentuen babesik», legez kanpoko komisioak jaso zituztela frogatzeko. Eta, esan du Ertzaintzak bere etxean aurkitutako koadernoa ez litzatekeela froga gisa onartu beharko. Bertan ordainketa irregularrak izan daitezkeen zenbait datu azaltzen dira. Berak ere abokatuaren galderak soilik erantzun ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.