Politika

Tentsio artean hartu du PPk Lizartzako Alkatetza kargua

Regina Otaola alkatearen lehen erabakia, udaltzar aretoan Ina Zeberio etakide hildakoaren argazkia kentzea eta Espainiako bandera jartzea izan da. Ezker abertzalearen jarraitzaile ugari bildu da protesta egitera.

2007ko uztailaren 2a
18:25
Entzun
Goizeko bederatzietarako zuten PPren zazpi hautetsiek Lizartzan (Gipuzkoa) kargua hartzeko hitzordua. Ertzain ugari zen bertan, ezker abertzalearen jarraitzaileek udaletxera joateko dei egina zutelako protesta egiteko, eta jende asko bildu da elkarretaratzean plazan, Herriaren borondatea errespetatu. Faxistak kanpora lelopean; haietako batzuek barrura sartzea lortu dute. Tentsioa egon da.



Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANVk eta PPk aurkeztu zituzten zerrendak baina, Espainiako Alderdien Legearen ondorioz, EAE-ANV legez kanpo utzi zuten auzitegiek. PPk 27 boto jaso zituen. EAE-ANVk 186. PPkoa, baina, alkate.

Hasiera batean, PPren Lizartzako zerrenda Gipuzkoakoak ez ziren pertsonek osatzen zuten, baina herriko zazpi zinegotziak bere esku geratu zirela ikusita, hori aldatzea erabaki zuten. Regina Otaolak (Eibar) hartu du alkate kargua; PPren beste sei zinegotziak ere euskal herritarrak dira. Alderkide ezagun batzuk izan dituzte gaur Lizartzan, babesa eman nahian: Carlos Iturgaitz europarlamentaria, Carmelo Barrio eta Leopoldo Barreda eusko legebiltzarkideak, Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPren presidentea, Antonio Basagoiti Bizkaiko PPren presidentea...

Ezker abertzalearen jarraitzaileek esan dute "PPk botoak baino polizia gehiago" izan dituela gaur Lizartzan. "Lau urte hauetan herria militarizatuko dute".

Otaolaren lehen erabakia, udaltzar aretoan Ina Zeberio etakide hildakoaren argazkia kentzea -zakarrontzira bota dute- eta Espainiako bandera jartzea izan da. Zeberio 1998an hil zen, Ertzaintzarekin izandako tiroketa batean. Udaletxean zintzilik diren presoen argazkiak ere kenduko dituela agindu du.

Jose Antonio Mintegi alkate ohia haserre azaldu da gaurko ekitaldiarekin, "herri borondatea ez dutelako errespetatu". "Herriaren alde lanean" segituko dutela esan du Mintegik, eta "lan asko" dutela egiteko. Aurreko legealdian ere ezker abertzalearen zerrenda izan zen bozkatuena Lizartzan, baina hura ere baliogabea zen. Joseba Egibar EAJren kidea izan zen alkate. EAJk oraingoan boto zuriaren alde bozkatzeko eskatu zuen.

Otaolak, berriz, lau urteotan "denen aldeko askatasunaren alde" egingo duela adierazi du, "terrorismoaren koakzio zantzuak behin betiko ezabatzeko". EAJk eta EAk Lizartzan zerrendarik aurkeztu ez izana salatu du, "indarzaleei aurre ez dietelako egin hala".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.