"ETAren inguruaren" aurkako auziek edo auzi politikoek izandako bilakaera aztertu dute Iruinek eta Izkok, EHUren Donostiako campuseko Zuzenbide fakultatean. Auzi horien oinarria "teoria politiko-polizial" bat dela esan du Iruinek: dena da ETA. Pixkanaka, hori zabalduz joan dela nabarmendu du, "salbuespen legedia" eta "etsaiaren zigor zuzenbidea" erabilita. Alegia, zaku berean sartu dutela indarkeriarik gabeko jarduna ere, "terrorismo desarmatua", 18/98 sumariotik hasita. Dena da ETA esatetik, ETA dena da esatera pasatu direla: HB, Jarrai-Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, enpresak, egunkariak... Horiek ere ETA direla.
Halako auziek dituzten ezaugarriak azaldu ditu abokatuak. Adibidez, ez dutela "gertakari kriminal jakin bat" ikertzen, baizik eta "fenomenologia kriminal osoa". Dozenaka auzipetu izaten direla, milaka orrialde sumarioetan... Eta izaera politiko argia dutela: "Egungo legediaren etsaiak zigortzea da helburua, sistemaren etsaiak". Alegia, "kriminalizatzea", eta ez delitu jakin bat zigortzea. Horretarako, "emergentziazko prozesuak" baliatu eta zuzenbideko arauak "aldatu" egiten dituztela azaldu du; esaterako, delitu tipoak "gero eta subjektiboak" eginez, zehaztu gabeak. "Intentzionalitatea zigortzen da, ekintza zehatz bat baino".
Salbuespen neurriak, ohiko
Adibide praktikoak jarri ditu Izkok, batez ere, maiatzean epaituko dituzten bederatzi lagunen kasua (8/2013 sumarioa) aipatuta: nola bihurtzen den ohikoa salbuspena behar lukeena. Polizia ikerketaren fasean, esaterako, telefono entzuketen gisako neurriak orokortzen dituztela. Datu bat eman du: 2008-2010 artean, 200 euskal herritarri baino gehiagori egin zizkieten halako entzuketak, zuzenean —eta ondoriozk, haien ingurukoei ere bai—. Batez beste, urte eta erdi inguruz bakoitzari. Horietatik, 120 lagun auzipetu dituzte gero, eta zigortu, 37: Segurako auzikoak eta Segirekin lotutako bi gazte.
Intrukzio fasean, berriz, inkomunikazioaren erabilera nabarmendu du. 8/2013 sumariokoen kasuan, atxilotuta zeudela, Fernando Grande-Marlaskak ez zuen neurririk hartu haien egoera bermatzeko, eskaera ugari egin zizkioten arren. Auzi medikuen txostenak egunero zituen mahai gainean, eta atxilotuek tratu txarrak salatu zituztela jasotzen zen hor. Habeas corpus eskaerak egin zituzten, torturaren aurkako protokoloa ezartzeko galdegin zuten, eta atxilotuek Grande-Marlaskari berari ere salatu zizkioten torturak. Ofizioko abokatu batek adierazi zion ziur zegoela atxilotuen deklarazioak ez zirela "bat-batekoak" izan, aurrez ikasiak baizik. Hala ere, epaileak ez zuen ezer egin.
"Denak balio du"
Guztiarekin ere, sumarioan "bortxazko elementurik" ez dagoela ziurtatu du Izkok. "Talde terroristako kide" izatea egozten diete bederatzi auzipetuei. Azaldu duenez, fiskalak Segurako auzikoen antzeko akordioa bat egiteko jarrera ona azaldu zuen, baina Dignidad y Justiciak eta AVTk "blokeatu" dute aukera hori.
Compainsek berak jarri du azken ondorioa mahai gainean: "Espainiarentzat, denak balio du euskaldunon aurka egiteko".