«Terrorismoaren biktimen memorian» oinarrituko da Lopezen bake plana

«Biktimak oroituz finkatuko dugu etorkizuneko bizikidetza», esan du Rodolfo Aresek

Rodolfo Ares eta Patxi Lopez, joan den asteazkenean, Bilbon. L. J. / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Irailaren 29an egingo dute urte politiko berriko lehen osoko bilkura Eusko Legebiltzarrean, eta saio horretan aurkeztuko du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azken hilabeteetan prestatzen aritu den bake plana. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak aurreratu duenez, «terrorismoaren biktimen memoria» izango da Lopezen proposamenaren oinarria. «Terrorismoaren biktimen memoriak euste horma bat izan behar du, inork ahaztu ez dezan iraganean zer gertatu den. Biktimak oroituz finkatuko dugu etorkizuneko bizikidetza, eta historia berridazteko tentazio oro saihestuko dugu», azaldu du.

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Aresek nabarmendu du Lopezek aurkeztuko duen bake planaren helburua «ETAren behin betiko amaiera lortzea» dela. «Ondoren etorriko da aniztasunean oinarritutako bizikidetza», gaineratu du Herrizaingo sailburuak.

«Guztion lana»

Aresek adierazi duenez, «etorkizunera begiratzeko garaia» bada ere, euskal gatazkaren parte izan diren alderdi eta eragile «guztiei» dagokie iraganari buruzko gogoeta egitea. «Iraganean egin ditugun ekintzen erantzukizuna onartu behar dugu guztiok», nabarmendu du.

Buruzagi sozialista, baina, ezker abertzaleari mintzatu zaio bereziki, eta indar politiko horretako buruzagiei eskatu die «ETAren behin betiko amaiera» lortzeko bidean urratsak egiteko eta erakunde armatuak «eragindako mina aitortzeko». «ETAko kideek eta hari babesa eman diotenek planteatu beharko lukete zertarako balio duen agonia hau luzatzen ibiltzeak».

Horren harira, Aresek gogor kritikatu du Bildu kolazioko zenbait agintari instituzionalen eta Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren jarduna. «Beti aurkitzen dute tarteren bat ETAko presoen senideekin biltzeko. Aldiz, inoiz ez dute ez denborarik ez arrazoirik topatzen biktimekin hitz egiteko edo biltzeko». «ETAko presoak defendatzen dituzten horiei argi utzi behar zaie ez direla preso politikoak, ezta heroiak ere. Terroristak izateagatik edo talde terrorista bateko kide izategatik zigortu dituzte».

ETAren balizko amaierari buruz mintzatu da Alfredo Perez Rubalcaba ere, Espainiako Gobernuko Barne ministro ohia eta azaroaren 20an Espainiako Gorteetarako egingo diren bozetarako PSOEko hautagaia. «Ez dakit nolakoa izango den ETAren amaiera, baina esan dezaket amaieratik oso gertu gaudela», adierazi du RNE irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.