Espainiako Zigor Kodean «terrorismo delituekin» loturiko artikulu multzo handiena aldatzea adostu dute PPk eta PSOEk, Askatasunen defentsa sendotzeko eta terrorismoaren aurkako borrokarako ituna-rekin. Hala, PPk eta PSOEk hitzartu dute, besteak beste, «terrorismo» izaera izango duten delituen kopurua handitzea, gisa horretako ekintzak egiten dituztenei bizi osoko espetxe zigorra ezartzeko aukera zabaltzea —sozialistak gerora indargabetzen saiatuko dira neurri hori—, zigorra bete ondoren batetik hamar urte arteko «zaintzapeko askatasuna» aplikatzea edota hezkuntzarekin lotutako zenbait lan egiteko inhabilitatzea.
Azken urteetan Espainian nagusi izan diren bi alderdiek 1995eko Zigor Kodean eginiko erreformarik sakonena izango litzateke, 2003koaren ondotik, eta, PPko eta PSOEko agintariek argudiatu dutenez, hori egitea adostu dute «azken urteetan azaldu diren terrorismo mota berriei» erantzuteko, «jihadismoari bereziki»; baina ez soilik, testuan gehitu eta gogorrago zigortzen baitira beste hainbat ekintza.
Besteak beste, eta beti zirriborroaren arabera, xede hori izango lukete «instituzio publikoen edota estatuaren egitura ekonomiko edo sozialen funtzionamenduaren egonkortasuna modu larrian galaraztea», «botere publikoak behartzea ekintza bat egitera edo ez egitera», «bake publikoan modu larrian asaldatzea»... Eta izaera terrorista izango lukete xede horri loturik ekintza hauek: «biziaren edo integritate fisikoaren aurkako edozein delitu larri», «askatasunaren aurkakoak», «osotasun moralaren aurkakoak», «desordena publikoak», «ingurumenaren aurkakoak», «suteak», «Koroaren aurkakoak»...
Horrekin batera, zabaldu egiten da erakunde terroristen finantzaketa delituaren definizioa, eta baita kolaborazio delituarena ere. Besteak beste, zigortu egingo da delitu terrorista giza hartutako ekintzak egiteko lagungarria den «edozein jarduera ekonomiko» —«arinkeriaz» egindakoak barne—, eta kolaboraziotzat hartuko da delitu horiek egiteko «edozein elkarlan edo laguntza ekintza», berariaz asmo horrekin egin edo ez. Horrekin lotuta, eta modu zabalean, terrorismoa goratze edo justifikatze delituarekin loturiko neurri berriak jasotzen dira: besteak beste, aipatu helburuak dituzten liburu, artxibo, artikulu eta beste ezabatzea agindu dezake instrukzio epaile batek, behin- behineko neurri gisa.
Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak atzo izenpetu zuten akordioa, ekitaldi solemne batean, Moncloako jauregian, eta gaur erregistratu dute Diputatuen Kontseiluan. «Terrorismoa transformatu egiten da, baina kontsentsua mantentzen da», esan zuen Rajoyk. Antzera mintzatu zen Sanchez. «Azkeneko 27 urteetan beti lehenetsi dugu terrorismoaren kontrako batasuna beste edozeren gainetik». Biek bat egin zuten: «Egun garrantzitsua da Espainiako demokraziarentzat». Eta azpimarratu zuten Zigor Kodean egindako aldaketekin herritarren oinarrizko eskubideak ez direla urratuko. Horretan bereziki tematu zen Sanchez. «Konprometitu gara segurtasunarekin, baina baita herritarren askatasunekin ere». Rajoyk eta Sanchezek, biak ala biak, azpimarratu zuten ezen, jihadismoaren kontra ez ezik, testua adosteko orduan oso gogoan izan dituztela «terrorismoaren biktima guztiak», baita Espainiako Estatuko segurtasun indarrak eta epaileak ere.
Diputatuen Kongresuan gobernuaren Zigor Kodearen erreformarako lege egitasmoaren aurka azaldu eta bi astera egin du ituna PSOEk Rajoyrekin. Erreformaren aurka egiteko sozialistek erabili zuten argudio nagusia izan zen PPk proposatuta testuak jasotzen duela bizi osoko espetxe zigorra, berriz azter daitekeena eta soilik «erailketa terroristen» kasuan ezai daitekeena. Neurri horren arabera, 25 eta 35 urtera arte presoak ezingo luke eskatu zigorra berraztertzeko, ezta hirugarren gradua eskuratu eta baldintzapean aske geratu ere.
Atzoko itunarekin PSOEk baiezkoa eman dio horri, baina ñabardurekin. Testuan ez da espresuki jasotzen bizi osoko zigorra; bai, ordea, zigor handiena jarriko zaiela —kodearen erreforma indarrean sartuz gero, bizi osoko zigorra, beraz—. Sanchezek atzo azpimarratu zuen, halaber, bi alderdien arteko akordioan jaso dela beraiek ez dutela bat egiten neurri horrekin, eta hitzeman du neurri hori bertan behera utziko dutela parlamentuan gehiengoa izatean. Halaber, agerraldia egin eta ordu gutxira Twitterren esan zuen neurri horren aurkako helegitea jarriko duela PSOEk Auzitegi Konstituzionalean.
Bizi osorako neurriak
Bizi osorako espetxe zigorra eta zaintzapeko askatasuna. Horiek izan dira orain arte proposatutako neurri kritikatuenak. Zigor Kodearen erreformaren lege egitasmoaren tramitazioan izandako eztabaiden ondorioz, kanpoan geratu zen preso ohiei «zaintza neurriak» ezarri ahal izateko aukera. Baina orain sartu egin dute bi alderdiek, betiere El País-ek jarritako zirriborroaren arabera. Berriz azter daitekeen bizi osoko zigorra ez bezala, neurri horren aurka azaldu zen Espainiako Konstituzioaren CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Konstituzioa urratzen zuelakoan. Zirriborroan jasotzen denez, zaintzapeko askatasun hori gehienez hamar urtekoa izango litzateke.
Bizi osorako izan daitekeen beste neurria da terrorismo delituengatik zigortutako preso ohiei zigorra osorik bete ostean zenbait lanetan jarduteko debekua ezartzeko aukera. «Hezkuntza, kirol eta aisialdi jardueretan» ezingo lukete lan egin.